Jai herrikoiak bultzatzeko sinadurak eta erretratuak batuko dituzte Leioako jai batzordeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 22a, 13:30

“Barretxu bet, jai herrikoien alde” leloa hartuta, Leioako jai herrikoien aldeko sinadura eta argazki bilketa aurkeztu zuten jendaurrean larunbat goizean herri horretako hainbat jai batzordek eta tabernarik. Herriko Boulevardean egin zen prentsaurrekoan, Alaitz Bilate eta Ana Ortega ekimeneko bozeramaileek datorren ostiralean hasiko den kanpaina aurkeztu zuten. “Barretxu bet, jai herrikoien alde” ekimena Leioako auzoko jairik jai ibiliko da irailaren 29ra arte atxikimendua hartzen dutenen sinadurak eta argazkiak batuz. Sinadura Bilketaren antolatzaileen arabera, “azken urteotan Leioako jai batzordeok bizi izan dugun egoera guztiz larria izan da eta hau publiko egiteko garaia heldu da”.

Sinadura bilketari zentsua ematen dion manifestuan, “Barretxu bet, jai herrikoien alde” ekimenak zazpi puntutan gogoratzen dute Euskal Herrian “jaien zentzuak herritar guztien elkargune eta adierazgune gisa bizirik dirauela” baina, zoritxarrez, “egungo sistemak herri kultura eta jai herrikoiak aurrera egiteko bidean ez digula topeak besterik jartzen”. Horregatik, herritarron parte-hartzearen aldeko apustua egiten dute. Ildo beretik, erakundeekin lan egitea ongi ikusten dute beti ere hauek “jai herrikoi eta parte-hartzaileei kalte” egiten ez dieten bitartean. Era berean, “Barretxu bet, jai herrikoien alde” ekimenak auzo bakoitzaren nortasuna, ohiturak eta kultur sorkuntza bultzatu nahi ditu.

Udalak jai herrikoiak babes ditzala eskatu dute

Bestalde, kritika ere badago manifestuan: “hainbat urtetan, Leioako Udalak babes nahikorik gabe utzi gaitu jai batzordekook. Leioako San Juan jaietan Udalak gastatzen duen dirutzarekin alderatuta, auzoko jai batzordeetako dirulaguntza guztiak batuta, ez gara diru kopuru horretara ailegatzen, ez urrutitik ere. Aitzitik, Leioako Udalak San Juan jaietan burutzen duen 30 milioi pezeta baino gehiagoko gastuaren aurrean, auzoetako jai batzordekook ezer gutxi egin dezakegu kasu gehienetan milioi bat pezetara heltzen ez den dirulaguntza murritzarekin”. Horregatik, Leioako Udalari herriko jaiak bultzatzea eta errespetatzea eskatu diote antolaketa eta ezaugarri herrikoiak bultzatuz, dirulaguntzen kopurua handituz eta azpiegitura egokia eskainiz”.

Era berean, kritikatu dute auzo zein herriko jaietan Udalak bestelako ekimenak antolatzea, pasa den urtean Umore Azokarekin egin zuen bezala, Lamiakoko Maskarada eta jaiak errespetatu gabe. Azkenik, “Barretxu bet, jai herrikoien alde” ekimenak leioztar guztiei deia luzatu die auzo zein herriko jaien antolaketan eta gestioan eragile aktiboak izateko, jaiak askotarikoak, herrikoiak eta parte-hartzaileak izan daitezen.

Jairik jai ibiliko da ekimena

Leioztarren atxikimendua jasotzeko, “Barretxu bet, jai herrikoien alde” Leioako herri eta auzoko jaietatik egingo du bira, honako egitarauarekin:

- Maiatzak 26: Lamiakoko jaiak, Maskaradan.
- Ekainak 2: Txorierriko jaiak.
- Ekainak 11: Txitxiburruntzi eguna San Bartolomen.
- Ekainaren 22tik 25era: San Juan jaiak, egunero txosnetan eta 24an Sakonetako herri bazkarian ere bai.
- Abuztuak 2: Pinuetako jaiak.
- Abuztuak 24: San Bartolomeko jaiak, Marmitako eguna.
- Irailak 9: Udondoko jaiak.
- Irailak 29: Txopoetako jaiak. Kanpainaren amaiera.

Momentuz, kanpainan batu dira Udondo, Pinueta, Txopoeta eta Miradoreko jai batzordeak dozenaka tabernari eta San Juan jaietako txosnagunea dinamizatzen duen Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko elkargunea. Era berean, datozen egunotan beste jai batzorde batzuk bere atxikimendua emango diote ofizialki kanpainari horretarako egin behar dituzten asanbladak egin ondoren. Bestalde, “Barretxu bet, jai herrikoien alde” udalerriko eragile soziokulturalekin batzartuko da.

Prentsaurrekoan parte hartu zuten, besteak beste, Koldo Tellitu Betiko ikastolako kidea, Alaitz Bilate eta Ana Ortega, Maritxu Teilagorriko kideak, eta Gaizka Aranaga, Erromo eta Pinuetako jai batzordeko partaidea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun