Euskal Herriko artista gazteek 7.500 ikusle izan dituzte Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 22a, 19:37

Areetako karpapean burutu den Getxoarte ekimenetik 7.500 bat lagun igaro dira aurten. Ekitaldi hori atzo bertan amaitu zen, parte hartu duten 60 artista gazteen lanak hiru egunetan zehar erakutsi eta gero. 2006ko edizio honetan Arte Berrien Aretoaren bisitari kopurua %20 igo da iazko datuekin alderatuta. Halaber, artista gehiagok parte hartu dute aurten, 60k guztira, iaz baino 9 gehiago. Maiatzaren 19tik 21era, artistak, arte-areto langileak eta arlo honetako profesionalak bildu dira arte berrien erakusketa horretan. Getxoko Kultur Etxeak nabarmendu du parte hartzaileen lanek izan duten “originaltasuna, freskotasuna eta ausardia” eta azpimarratu du “erakutsitako obren kalitatea gora doala”.

Ahalik eta itxurarik erakargarriena lortzeko asmoz artista gazteek “lanen aberastasunaz, heterogeneotasunaz eta bitxitasunaz gain”, erakustokien lekua eta beren eskura izan dituzten baliabideak ondo aprobetxatzen dakitela erakutsi dute Getxoarten. Getxoko Kultur Etxearentzat azpimarratzekoa da partaideen profesionaltasun maila handia batez ere artisten batezbesteko adina 21 eta 25 urte artekoa izan delako eta haietako asko lehenengo aldiz jendaurrean aritu direlako.

Zuzeneko harremanak

Artistek zenbait ekintza eta performance burutu dituzte Getxoarten publikoak beren lanak ezagutu ahal izateko eta bisitariak inolako oztoporik gabe mintzatu ahal izan dira artistekin erakutsitako obrez. Halaber, hainbat artistak beren lehenengo salmenta profesionalak egiteko aukera izan dute Getxoarten.

Getxoko Kultur Etxearen arabera, Getxoartek “arte berriak zabaltzeko foro bat izatea izan du asmo nagusi ekimen hau sortu zenetik”. Azken urteotan erakustaldi hau sendotu egin da “eta artista gazteen lanak bultzatzeko helburua ondo betetzen ari da”. Getxoarten, artistek era zuzen eta xumean ezagutzera ematen dituzte beren obrak; izan ere, Arte Berrien Aretoan proposamen artistiko oso pertsonalak ikus daitezke. Bestalde, artista berriak ezagutzera emateko, katalogo bat argitaratzen da. Besteak beste, parte hartzaileen curriculuma eta obrak erakusten dira arte munduko profesionalei bidaltzen zaien argitalpen honetan. Halaber, museotan eta arte aretoetan ere banatzen da katalogoa.

Ikus-entzunezko artea goraka

Getxoarten, besteak beste, pinturak, marrazkiak, argazkiak eta ikus entzunezko muntaiak daude ikusgai. Oraingo honetan, antolatzaileek azken arte mota hau bultzatu nahi izan dute, artista gazteen artean gero eta gehiago zabaltzen ari baita. Horretarako, ikus-entzunezko lanak erakusteko postu bereziak izan dira Getxoarten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun