HAPOn egin nahi dituzten aldaketak osoko bilkuran onartu baino lehen, horien berri emango diete Getxo udalerriko biztanleei. Horrela agiria hainbat talderi aurkeztuko diete, horien artean Getxon dauden parte hartzeko guneak, boluntario elkarteei FEGEVOLen bitartez, Jabekuntza Eskolari.... eta kultur aretoetan zenbait erakusketa egingo dituzte. Aldaketen gizarteratze kanpaina egiteko Udalak hainbat txartel, liburuxka eta maketa birtual sortuko ditu eta udal hedabideen bitartez aldaketen alde positiboak nabarmenduko dituzte. Batez ere, aldaketak eragina izango duen tokietan, hau da, Martiturrin, Arteagan, Azkorrin, Saratxagan, Moreagan eta Mimenagan ezarritako irizpideak eta martxan jarri nahi diren proiektuak erakusteko. “Argi geratu behar da aurretik lur urbanizagarria zen zoruan soilik eramango direla aurrera proiektuak, eta ez dela lur urbanizagarri berria ezarriko” zehaztu du Urkizak.
Ezker Batuko eta EAJko proiektua
2,5 kilometro koadroko azaleran eraikiko diren 8.368 etxebizitzatatik 4.700 Babes Ofizialekoak izango dira, 809 tasatuak eta 2.859 merkatu librera aterako dira. Izan ere, aurretik Javier Madrazo eta Iñaki Zarraoak horren akordioa sinatu zuten, Alderdi Popularra eta Getxo Biziaren kritiken artean.
Dentsitate handiko aldea izango da eta horiekin batera dentsitate gutxikoak eta dagoeneko dauden etxebizitzak ere izango dira. “Udalerria lotuko duen 3 kilometro inguruko bide nagusia eraikiko da Andra Mari elizatik Azkorri ikastetxeraino eta beste bi zeharkakoak, horietariko bat, lorategi handi bat dela medio, Zugatzarte moduko bulebarra izango dela. Ekintza horrekin Getxok 20.000 bat biztanle eduki litzake, gehienak udalerriko beste toki batzuetatik heldutakoak eta horregatik biztanleen kopurua gaur egun bezala mantendu egingo da” azaldu du Zarraoak.
Dena den, orain iragarritakoa alda liteke bi hilabete barru Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onartuko duen bere Lurraldeko Zati-Planaren arabera. Momentuz, behin behineko proposamenak lurra gehiago aprobetxatzearen aldekoa da, dentsitate handiko etxebizitzei lehentasuna ematen die familia bakarreko edo bientzako etxeen aldean eta Uribe Kosta eta Txorierri aisialdirako alde izendatzen ditu. Udal Gobernuaren ustean, HAPO Lurraldeko Zati Planera egokitzeko egindako agiria “ingurugiroko eta gizarteko jasangarritasunaren irizpideak kontuan hartuta” egin da.