Otxoa anaiak harrapatu zituen gidariari 1.800 euroko isuna ezarri diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 22a, 21:48

Malagako Zigor-arloko 8. epaitegiak 1.800 euroko isuna ezarri dio 2001eko otsailaren 15ean Otxoa anaiak harrapatu zituen gidariari. Gainera, auzipetuak eta Axa aseguru-etxeak 1.574.962 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkiote Javier Otxoari eta beste 363.768 kirolarien sendiari. Ezbeharrean Ricardo Otxoa (argazkian) hil zen eta Javier larri zauritu. Epaian esaten denez, gidariak "errepidearen eskuineko bazterbidea inbaditu zuen partzialki, distrakzio txiki baten ondorioz". Horrez gain, "ez da egiaztatu" akusatuak "errepidean baimendutako gehienezko abiadura" gainditu zuenik. Akusazio partikularraren abokatuak epaia aztertuko du aste honetan, eta orduan erabakiko du helegitea aurkeztuko duen ala ez.

Kausaren bista egin eta bi hilabetera, joan den ostiralean eman zuen jakitera Malagako Zigor-arloko 8. epaitegiak Sergio Fernandez Malagako Unibertsitateko Kirol zuzendari ohiaren aurkako sententzia. Isabel Alvaz Menjidar epaileak bi falta egozten dizkio Otxoa anaiak harrapatu zituen gidariari, zuhurtziagabekeria arinaz egindako giza hilketa eta lesioak, hain zuzen ere. Hortaz, bi hilabeteko isuna ezarri dio 30 euroko kuotetan ordaintzeko, eta gida-baimena urte baterako kendu dio.

Deklarazioak

Fernandezek epaiketan aditzera emandakoaren arabera, bi txirrindularietako bat bera zihoazen erreian sartu eta harrapatu egin zuen, hori saihesteko maniobrarik egitea ezinezkoa izan zuela. Bere hitzetan, kirolaria autoaren gainera erori zen horren ondorioz, eta orduan ibilgailua gelditzen saiatu zen hura "airetik ez jaurtitzeko". Bestalde, hiru guardia zibilek jakinarazi zutenez, gidariak arreta galdu zuen bi txirrindulariei so egiteagatik, eta, hortaz, nahigabe haienera zuzendu zen, azkenean bazterbidean sartuta.

Epaiketan Javier Otxoak ere deklaratu behar izan zuen lekuko legez, eta hainbat arazo fisiko eta psikiko igaro ostean "heriotzan murgilduta" bizi dela adierazi zuen. Gainera, ezbeharrak arrastoak ere utzi zizkiola esan zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun