Espainiako Ingurumen Ministerioak zazpi milioi euro inbertituko ditu Gorliz eta Plentziako hondartzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 22a, 22:41

Kosta Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Gorliz (argazkian, erietxea atzealdean eskuinera ikusten dela) eta Plentziako hondartzak egokitu eta berrantolatzeko lanak enkantean jarri berri ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak. Zati batean bada ere, areatzen ezaugarri naturalak berreskuratzea da asmoa, "mende hasieratik hona hainbat eraikuntzek hartuta egon direlako; aparkalekuak, errepidea edota erietxea, hurrenez hurren". 7.101.368 euroko aurrekontua eta 18 hilabeteko denbora epea dute obrek.

Zehazki, Plentziako erietxe ingurutik Astondora doazen errepidea eta olatu-horma kenduko dituzte. Horretaz gain, ospitale aurrean dagoen ezponda bota eta horma berria altxatuko dute, erietxeko etxaurretik 14 metro atzerago. Horrekin batera, Astondoko hotel-establezimenduak kendu eta erietxe eta ospitalearen arteko betegarria hustuko dute, azalera guzti hori hondartza bilakatu dadin berriro. Gauzak horrela, 61.475 metro koadro gehiago izango ditu areatzak, ospitale aurreko eta ospitale eta erietxe arteko eremua zabalago egin ostean; 35 eta 70 metro, hurrenez hurren. Azken zonalde horretan, 170.000 landare jarriko dira, dunei eusteko. Trafikoari dagokionez, baimena daukaten ibilgailuek baino ezin izango dute igaro Astondo ibiltokiko muturreraino.

Bestalde, bi glorieta eraikiko dituzte: bata pasealekuko hegoaldean, Plentziako Areatza eta Gorlizko Itxasbide kaleetatik datozen ibilgailuentzako. Bestea, berriz, iparraldean kokatuko dute, ospitale eta Astondo kaiara sartu ahal izateko. Hain zuzen ere, Plentziatik horra 2.488 metro luzeerako oinezkoentzako pasealekua egingo dute, komunetarako hiru eraikin eta bi sorostetxerekin batera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun