Lehenengo aldiz parte hartu eta Ipar Uribeko txapela jantzi egin du Itsaso Payak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 23a, 00:18

Galiarrak garaitu ostean Zesarrek ahoskatutako "Vini, vidi, vinci" esaldia ederto egokitu dakioke Itsaso Paya 18 urteko bertsolari algortarrari. Aurten Ipar Uribeko bertso txapelketan lehenengo aldiz hartu du parte Itsasok, eta dena den, pasa den larunbatean Areetako Andres Isasi musika eskolan ospatu zen finaletik txapeldun atera zen. Bere atzean, Algortako Ekaitz Larrazabal "Katxo" gelditu da. Areetako musika eskolan, Aitzol de Castro bertsolari leioztarra aurkezle zutela, Larrazabal eta Paya nor-gehiagoka aritu ziren saioaren bigarren fasean, beste bertsolari guztiak atzean utzita. Azkenean, Itsaso suertatu zen irabazle. Argazkian, Itsaso Paya Karlos Ibarzabalen eskuetatik txapela jaso ostean / Bizkaiko Bertsozale Elkartea .

Larrazabalen ostean Miren Ibarluzea mungiarra gelditu da. Ondoren, lehenengo aldiz ere parte hartu duen 18 urteko Peru Vidal leioztarra, Olatz Ibarluzea eta, azkenik, Miren Loizaga sopeloztarra, Mungian egindako paper ona errepikatu ezinik ibili zena larunbatean.

Gauzak horrela, Itsaso Paya Bizkaiko Txapelketako kanporaketetarako sailkatu da dagoeneko, Onintza Enbeita eta Joseba Artza Busturialdeko eta Lea-Artibaiko txapeldunak bezala. Aldiz, Larrazabal, Vidal eta besteak sailkatzen diren matematikoki jakiteko Enkarterrietako txapelketaraino itxaron behar izango da, ekainaren 3an, eta kontuan hartu behar da orain arteko eskualde txapelketetan puntu gutxien hartu duena Ipar Uribekoa izan dela.

Itsasok jantzitako txapelarekin lau dira jada Payatarrek eskuratutakoak. Izan ere Fredik 2 irabazi ditu, nahiz eta lehenengoa Uribe Kostakoa izan, 1994koa, eta bestea Ipar Uribekoa, 2000n eskuratu zuena. Xabik orain dela bi urteko edizioan estali zuen burua Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea batzen dituen txapelarekin.

Ipar Uribeko Txapelketako finalaren sailkapena:

Itsaso Paya, 370,5. Zuzenean sailkatua.
Ekaitz Larrazabal "Katxo", 359. Txapelketarako saioaren 2. fasekoak ez direnez balio, 1. fasean atera zituen 223 puntu ditu.
Miren Ibarluzea, 211,5
Peru Vidal, 209
Olatz Ibarluzea, 208
Miren Loizaga, 201,5
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun