Azken azterketa honen ondorio nagusietakoa da “aztertutako lau sektoreetako bakoitzean euskararen erabilera oso bestelakoa” dela. Ikastetxetan eskolaz kanpoko jarduera gehienak euskaraz egiten dira (%45), langile gehienek hizkuntza ezagutzen dutelako. “Halere, jarduera horiek egiten direnean, gazteek gaztelaniaz egiten dute euren artean”, nabarmendu du Imanol Landa Euskara zinegotziak. Akademia pribatuetan egoera “uste baino hobea” da, askok eskaintzen baitituzte jarduerak edo eskola partikularrak euskaraz. Halere, sarritan eragozpenak izaten dituzte euskarazko taldeak osatzeko edo irakasle euskaldunak kontratatzeko.
Elizek, berriz, “elebitasunaren aldeko apustu argia” egin dute idatzizko komunikazioan, azterlanaren arabera. Halere, ahozko komunikazioan gaztelania da nagusi. Azkenik, laugarren sektorean, hau da, haurtzaindegietan, “egoera nabarmen hobetu daiteke”, Landaren hitzetan, “langileen artean euskara dakitenek gutxi direlako oraindik”. Hala ere, arduradunek “interes handia” dute euren jardueran euskara sustatzeko neurriak hartzeko orduan, Euskara zinegotziak azpimarratutakoaren arabera.
Sentsibilizazio kanpaina
Datu hauen aurrean, Euskara Zerbitzuak “neurriak” hartu ditu egoera hobetu aldera. Sentsibilizazio kanpaina abiatuko du sektore hauen eta herritarren artean 35.000 liburuxka banatuz. Azterlanaren ondorioen berri emango dute bertan. Eta, ohikoak direnak ez ezik, aparteko dirulaguntzak ere emateko deialdia egingo dute, sektorean euskara sustatzeko. Horretaz gainera, pertsona bat kontratatu dute dinamizatze eta informazio lanak egiteko eta lan-taldea sortu dute inplikatutako erakundeekin. Landak nabarmendu du, azkenik, 43 izan direla orain arte eskolaz aparteko jardueretan euskara sustatzeko IkasGehin jasotako konpromisoren bat hartu duten eragileak.
Informazio gehiagorako hurrengo loturan sakatu: IkasGehi