Leioako alkatea sutan jarri du "Barretxu bet jai herrikoien alde" kanpainak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 24a, 22:19

Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkateak luze aritu zen atzo udalerriko hainbat jai batzordek eta kultur eragilek larunbatean aurkeztu zuten "Barretxu bet jai herrikoien alde" kanpainaren inguruan. "Deia" eta "El Correo Español" egunkariek gaur zabaldu dutenez, Leioako jai batzordeek kanpaina horretan parte hartu dutenik ukatu du Sainz de la Mazak. Alkatearen arabera, Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko elkargunea baino ez dago kanpainaren atzean eta Maritxu Teilagorriren atzean, berriz, Batasuna: "elkarte horretakoak Batasuneko kideak dira eta ez dute inor engainatu behar, beste batzuk ordezkatzen dituztela esanez". Argudio hori sostengatzeko, Maritxu Teilagorriko kideen artean Batasuneko zinegotzi ohi bat dagoela aipatu zuen Sainz de la Mazak. Diskurtsoa borobiltzeko, Maritxu Teilagorri pasa den asteburuan Leioako batzokiak jasotako pintaketekin lotu zuen.

Leioako alkatea minduta agertu zen Maritxu Teilagorrik, hainbat tabernarik eta Erromoko eta Pinuetako, Txopoetako, Udondoko eta Miradoreko jai batzordeek abiatutako sinadura eta erretratu bilketako manifestuan jasotako kritikekin: "baieztapen bidegabekoak eta ez zuzenak dira".

Larunbatean abiatutako ekimenaren garrantzia aintzat hartuta, astelehenean bertan kultur teknikariak eta alkateak hainbat jai batzordeko kideekin hitz egin zuten, eta atzo Sainz De la Mazak ezeztatu zuen jai batzorde horiek manifestua sinatu izana.

"Iradokizun asko"

Bestalde, Leioako alkateak ez du onartu jaietako kudeaketan parte-hartzea ez bultzatzeagatik "Barretxu bet jai herrikoien alde" ekimenak egindako kritikak. Bere ustean herritarrekiko harremana ezin hobea da eta horren adibide jarri zuen iaz abiatu zen San Juan jaietarako kultur teknikariek dinamizatutako 22 koadrilen aholku batzordea. Gainera garrantzi handia eman zion "Kultur Leioako webguneko foroan iradokizun asko jaso" izanari eta Inauterietan Maritxu Teilagorrirekin izandako elkarlanari.

Era berean, Sainz de la Mazak iragarri zuen aurten iaz baino %20,39 gehiago inbertituko dela jaietan, "eta oposizioak eta guzti esan du kopuru hori jaitsi egin behar dela". Adibide bat jartzearren, Pinuetako jaiena aipatu zuen alkateak, diru-laguntzetan gehien hasiko dena, kontuan hartuta orain dela 3 urte ez zuela dirurik jasotzen.

Batzokiko pintaketak

Azkenik, alkateak ekimenaren leloa bereganatu nahi izan zuen, eta Batasunari zuzendu zion "Barretxu bet jai herrikoien alde" esamoldea, "herria zikindu ez dezan eta batzokian izandako pintaketak berriro gerta ez daitezen". "Irribarrea ona da, baina posible bada, jendea kikildu gabe", bukatu zuen.

UKBERRI.NETek jakin duenez, "Barretxu bet jai herrikoien alde" kanpainako parte hartzaileek "soseguz eta puntuz puntu" hausnartuko dituzte alkateak esandakoak "merezi duena baino, jai herrikoien aldeko erantzunik positiboena emateko", baina aurreratu dutenagatik kanpaina aurrera joko du.

Gaiaren inguruko berriak:

El alcalde de Leioa califica las afirmaciones de Maritxu Teilagorri sobre las fiestas de "injustas e inexactas" (Deia)

Leioa aumenta mas de un 20 por ciento el dinero destinado a las fiestas del municipio (El Correo Español)

Jai herrikoiak bultzatzeko sinadurak eta erretratuak batuko dituzte Leioako jai batzordeek (2006 Mai 22)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun