Burzakok emandako datuak ere gezurtatu ditu Aldekoak. Batzarkide popularrak 2002an Eusko Jaurlaritzak egindako ustezko txostena erabili du, Gobela ibaian 80eko hamarkadan hektareako 46.500 arrain hiruarantza zeudela adierazteko. Horrekin alderatuz, 2006ko apirilaren 4an Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txosteneko datuak eman ditu: "Horren arabera, 2004an, 100 metro koadroko bi arrain baino ez zeudela baieztatu zuen Ingurumen sailburuak; eta 2005ean, bat ere ez. Hortaz, desagertzeko arriskua handia dela argi dago, Burzakoren gustukoa izan ala ez", aipatu du. Bolue hezegunean eta Larrañazubi errekan "are larriagoa" da egoera, popularren hitzetan. "Getxoko Udalak berak onartu zuen 2003an arrainik ez zutela aurkitu, urte batzuk lehenago bazegoen arren", nabarmendu du Aldekoak.
"Axolarik ez"
"Burzako jaunak hobe luke arrain hiruarantza salbatzeaz kexkatzea eta Aldundiari Kudeaketa Plana onartzea eskatzea, PPren proposamena hutsala eta alderdikoia dela esatea baino", kritikatu du Aldekoak. Ahaldun popularraren hitzetan, 2002tik hona plana aplikatzea eskatzen dabil Eusko Jaurlaritza, "baina, antza, Aldundiari eta Getxoko Udalari bost axola; arrain hiruarantza inporta zaien gauza bera, alegia".
Gaiaren inguruko berriak:
Arrain hiruarantza "ez dago desagertzeko arriskuan" Getxoko Udalak dioenez (2006 Mai 25)
Gobela eta Asuan arrain hiruarantza babesteko eskatuko du PPk (2006 Mai 16)