Halaber, atal berri bat izango da aurtengo azokan. Karparen aurrean erakustaldiak egiteko gune bat kokatuko da. Goizez eta arratsaldez, eskarmentu handiko lau eskulangilek arituko dira bertan: Juan Unzueta (otzaragintza), Alfredo Latorre (forjaketa artistikoa) eta Jose Pablo eta Enrike Arriaga (tradiziozko egur-moldaketa). Gune honetan, bisitariek artisau-lanak zuzenean ikusi ahal izango dituzte.
Getxoko Kultur Etxearen arduradunen arabera, “horren guztiaren bidez azoka ikustera doazenek bilatzen ari direna lor dezakete azokan eta, gainera, eskulanek duten berme eta erakargarritasunarekin. Kalitate handiko produktuak lortu ahal izango dituzte azokara doazenek, bai eskuz eginda daudelako, baita egiteko erabili dituzten materialak kalitate handikoak direlako ere. Produktu hauek bakarrak dira, ez dituzte bi produktu berdin inon aurkituko”.
Lehiaketak
Ohi bezala, bi lehiaketa izango dira Azokan: stand eta diseinu lehiaketak. Produktuen kalitatea eta postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina saritzen dute hauek, hain zuzen ere. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten den zozketa egingo du aurten ere Getxoko Kultur Etxeak eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Azokaren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Sarrerak 2,50 euroko prezioa du, jubilatuek 2 euro baino ez dutela ordainduko.