Maskarada izango da bihar Lamiakon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 25a, 19:06

Ostiral honetan, maiatzak 26, Lamiako auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; San Maximo jaien barruan. 17:30etik aurrera eta gaua bitartean, magiaz beteko dituzte Leioako inguru horretako txoko guztiak. 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten du urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteak. Alde batetik, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka uztartzen dute. Eta bestetik, auzoari berari izena ematen dion Lamiaren istorioa.

Lamiako Maskarada elkarteak azaldu duenez, hiru atal ditu ikuskizunak. Lehenengo biak arratsaldean izango dira, 17:30etik aurrera. Ordu horretan, Gaztelubide kaleko errotondatik kalejiran abiatuko dira Lamiakoko metro geltokiraino, Maiatza, erraldoiak, fanfarrea eta herriko dantza taldea; maskarada eta maiatzaren etorrera herrian zehar iragarriz. 18:00etan, berriz, Mari eta Sugaar bere senarra agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan eta Udagorri dantzatuko dute bertan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetako garbitegiraino, bidean pertsonaia mitologikoekin dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbitea luzatuz. Hain zuzen ere, 22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute bildutako pertsonaia guztiek, Lamiakoko futbito zelaian. Akelarrean, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka islatzen duen antzezpena egingo dute; zeinean sua, musika eta biribilketak nagusi izango diren.

Lamiaren kondaira

Prudentzia alargunaren semea marinela zen. Urrunean itsasontziren bat ikusten zuenean, semea etorriko zen esperantzaz Ondizen zuen etxetik Abra ingurura jaisten zen. Halako batean, betiko legez, semea agertu ez eta tristuraz beteta etxerako bidean hil egin zen. Kondairak dioenez, Lamia bihurtu zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun