Sei ertzain zoriondu dituzte ofizialki Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 25a, 23:24

Ertzaintzako sei polizik EAEko Herrizaingo Sailaren zorion ofiziala jaso dute gaur Erandion, "herritarrei emandako lau zerbitzutan meritu handiz parte hartzeagatik". Ekitaldia Erandioko Ertzain-etxe nagusian izan da eguerdian Mikel Legarda Segurtasun sailburuordeak eta Ertzaintzaren Bizkaiko unitateen arduradunek gidatuta. Gaur saritutako ekintzak lurralde horretan eman dira azken bi urteotan. Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, hiru agentek Erandioko Asua ibaira eroritako bi pertsona erreskatatu zituzten 2004ko azaroan, biktimak uretatik atera eta suspertzeko ahaleginak eginda. Beste agente batek, emakumezkoa, pertsona batek bere buruaz beste egitea ekidin zuen joan den urtearen amaieran, Getxoko Galea lurmuturrean. Beste bi ertzainek Bilbon egin zituzten "meritu handiko" ekintzak. Argazkian, Ertzaintzako musika banda.

Zoriontze-ekitaldian, jokabideok eskertu dizkie agenteei Mikel Legarda Segurtasun sailburuordeak, eta, beste ertzain guztiak saridunen ereduari jarraitzera bultzatu ditu, "euskal gizarteak bere Poliziaz duen irudi ona sendotzen lagun dezaten; izan ere, irudi positibo horrek eguneroko harreman zuzena eta Polizia honek herritarrei ematen dien zerbitzuaren efikazia frogatua ditu oinarri".

Ertzaintzako agenteen ekintza goresgarrien aitorpena EAEko Poliziaren Legeak arautzen du. Haren 79. artikuluan eta berau garatzako egindako dekretuan, kondekorazio eta errekonozimenduen kategoriak eta hauek agenteen espedientean eta ibilbide profesionalean dituzten ondorioak zehaztu zituzten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun