Ezker abertzalearen kontrako bazterketa salatu dute berrehun bat pertsonak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 26a, 00:05

Ezker abertzaleko herri plataformek egindako deialdiei erantzunez, 200 bat herritar atera dira kalera Uribe Kostan. Besteak beste, 80 pertsona batu dira Algortako Telletxe plazan eta bertan kontzentrazioa (argazkian) egin ondoren jendekatea burutu dute herrian zehar, Ezker Batuko bulegoaren aurrean amaitu dutela. Leioan ere elkartu diren 45 pertsonek jendekatea egin dute udaletxeraino eta kanpoaldean izan dira apartheidaren kontrako leloak oihukatzen, egiten ari zen udalbatzarra amaitu arte. Poliziaren presentzia nabarmenaren artean, kalera atera dira Karmelo Sainz de la Maza alkatea eta talde politikoen zinegotziak, bildutakoei inolako kasurik egin gabe.

Urdulizen, berriz, kotxe karabana egin dute 25 lagunek 12 autotan banatuta eta arreta handia piztu dute aire-erasoko sirena zarata dela medio. Pertsona asko izan dira leihoetara atera direnak edota jakinminez korrika hasi direnak. Erandion kontzentrazioa egin dute 35 auzotarrek. Ondoren gaur ospatu behar zen udalbatzarrerako prestatutako mozioa irakurri dute. Alkatearen erabakiz gaur ez da udalbatzarrik egon eta bihar izango da, Getxon eta Urdulizen bezala.

3 urte beranduago, berdin

2003ko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan Uribe Kostako eskualdean kandidatura anitzei emandako 97.761 botoetatik 6.736 (%6,89) jaso zuten ezker abertzaleko herri plataformek. Data horretatik hona, ezker abertzaleko talde politiko bakarrak, Sopela Aurrera, eskuratu du ordezkaritza legala. Hiru zinegotzi, alegia.

Beste ezker abertzaleko bederatzi plataformetatik batek, Gorliz Aurrera, ez zituen lortu behar izango lituzkeen botoak balizko zinegotzirik eskuratzeko. Falta diren zortzi taldeek; Barrika Baietz, Erandioztarrok, Getxo Bizia, Hain Ederra (Berango), Haize Abertzalea (Plentzia), Ipar Haizea (Lemoiz), Leioa Abian, eta Urdulizen Bagara herri plataformek hain zuzen ere, Alderdien Legearen pean ezeztatu dizkieten 10 zinegotziak aldarrizkatzen dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun