Algortako hiru gazte Grande-Marlaskaren eskuetan jartzen saiatu da Getxoko epaile bat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 26a, 15:55

Getxoko 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalera igorri zuen Mentxakabarri gaztetxearen inguruko protesta batengatik abiatutako sumarioa, hiru auziperatutakoak terrorismoarekin lotuta egon zitezkeelakoan, baina Grande-Marlaska epaileak ez zuen auzia aintzat hartu. Madrilera bidalitako txostenean Ertzaintzak polizia-fitxetatik emandako datu ugari daude. Sumarioan, auziperatuek 16 urtetik aurrera ustez egin dituzten lege-urratze guztiak agertzen dira, baina epaileek kasu guztietan gazteak errugabetzat jo dituztela aipatu gabe. Akusatuek sumarioaren joan-etorrera gaur ezagutu dute, Getxoko Justizia Jauregira deklaratzera bertaratu direnean. Argazkian, Algortako Gazte Asanbladak Getxoko udaletxe aurrean egin zuen kontzentrazioa.

Hiru gazteri "desordena publikoa eta polizia agente bati lesioak eragitea" leporatu diete, iazko abenduaren 23an Getxoko udaletxean egin zen Mentxakabarri gaztetxearen inguruko protesta batean parte hartu zutelakoan.

"Ez dakit zergatik ni auziperatzea erabaki duten"

Gaur, pasa den apirilaren 25ean ez bezala, hiru kideak agertu dira deklaratzeko, baina euskaraz egiteko eskubidea urratzen zitzaienez, bi kidek alde egin dute. Epaitegiko idazkari baten aurrean deklaratu duen gazteari udaltzain bati saihetsa apurtu izana leporatu diote, baina berak ezeztatu ditu akusazio guztiak. Gazteak esandakoaren arabera, sumarioan ez da jasotzen bera inork identifikatu izana eta udaletxeko eta inguruetako 11 segurtasun-bideokamaretako irudietan ez da agertzen, "gertaerak izan zirenean ez nengoelako han. Oraindik ez dakit zergatik ni auziperatzea erabaki duten".

Bestalde, epaitegiko funtzionarioek berriro deituko dituzte gaur alde egin duten bi gazteak, itzultzaile baten aurrean aritu daitezen. Halere, euskaldunak justizian bigarren mailako herritarrak direla frogatu nahian edo, gazteei deklarazioa euskaraz egiteko asmoa zutela aurretik abisatu behar zutela esan diete. Badaezpada, bertaratzeko agindua gaztelaniaz baino ez zuten bidali epaitegitik. Bi lagun horiek errolda-agiria egiten ari ziren udaletxean identifikatu zituztenean.

Iazko abenduaren 23an, orain hilabete batzuk hustutako Mentxakabarri gaztetxearen aurrean prentsaurrekoa egitekoa zen Getxoko PP, baina udaletxean egitea erabaki zuen azkenean, neska-mutilak gaztetxetik irten eta metro gutxitara paratu zirelako.

Arruek orduan salatutakoaren arabera, "prentsaurrekoa egitea oztopatzeaz gain, jazarri egin gintuzten okupek. Geroago, udaletxean kontzentratu ziren eta bertatik irtetea galarazi ziguten". Horrekin batera, Getxoko Udalak ere jarri zuen salaketa udaletxe aurrean bildutakoen aurka, "tirabiretan udaltzain bat zauritu zelako", Iñaki Zarraoa alkatearen hitzetan.

Gaiaren inguruko hainbat berri:

Ostiralean deklaratu beharko dute Getxoko Udalak eta PPk salatutako hiru gaztek (2006 Mai 24)

Hiru gaztek deklaratu beharko dute Getxoko PPk Mentxakabarri aurrean eman behar zuen prentsaurrekoagatik (2006 Api 11)

Mentxakabarri gaztetxeko sei lagunen kontrako akusazioak airean dira abokatuaren arabera (2006 Mar 07)

Mentxakabarri gaztetxea okupatu zutelakoan 10.818 euroko isuna jar diezaiekete Algortako 5 gazteri (2006 Urt 23)

Getxoko Udalak ere jarri die salaketa Mentxakabarriko gazteei (2006 Urt 20)

Mentxakabarriko gazteen kontrako salaketa jarri du Getxoko PPk (2006 Urt 16)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun