Behin-behinean onartu dute ostalaritza lokal getxoztarren gaineko udal ordenantza berria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 29a, 20:34

Ostalaritzako lokalen eta antzekoen jarduera arautuko duen udal ordenantza onartu zen behin-behinean ostiraleko osoko bilkuran, Getxoko Udal Gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB-Berdeak alderdien aldeko botuekin. Imanol Landa Presidentzia zinegotziak, udal batzarraren osteko prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, “ostalariek lan egiteko duten eskubidea eta herritarrek, zarata kutsadurari dagokionez batez ere, bizi kalitate eta ingurumen maila egokia edukitzeko duten eskubidea, bateragarriak egitea da arauaren helburua”. PPek eta PSE-EEk, berriz, zuri bozkatu zuten. Batetik, nahiz eta "berandu" heldu –argudiatutakoaren arabera, 2000an eskatu zuen arauketa Bizkaiko Foru Aldundiak– "ondo" ikusten dute popularrek, eta "behar denean eztabaidatuko" dute. Sozialistek, aldiz, ez dute nahikoa ikusten, "behin-behinekoz bada ere", udal gobernuko taldeen babesa besterik ez izatea ordenantza berriak. Euren ustez, "bost urtez zain egon bagara, beste hilabete bat itxaron zitekeen adostasun maila handiagoa lortzeko". Argazkian, Algortako Portu Zaharreko tabernetako terrazak.

Ordenantzak, 2001eko Hirigintzako Antolaketarako Plangintza Orokorrean (HAPO) jasotako arauak baino era "zabalago eta osoago" batean finkatzen ditu ostalaritzako saltoki berriak irekitzeko lege-baldintzak (agiriak, proiektuak...), baita honako gai hauek ere: lokalak behar duen gutxieneko azalera (40 metro koadro, salbuespenekin altuera desberdinak izatekotan), bata eta bestearen artean egon beharreko aldea (80 metro oro har eta 300 metro dantzalekuak izatekotan). “Distantziei dagokienez araua aldatzeko aukera aurrikusten da Getxo aldean sortuko den etxalde barria dela-eta, oraindik bertan altxako diren etxeak zelakoak izango diren finkatuta ez dagoelako”, esan zuen Landak.

Saltoki moeta desberdinak

Zenbait erako saltoki finkatzen du arautegiak, saltokiek egiten duten jardueraren eta inguruko auzotarrentzat eragin ditzaketen "arazoen" arabera, zarata maila gorena finkatuz. Izan ere, lehen multzoan, inguruko etxeetan kalterik txikien eragiten dutenak daude (dastategiak, izozki-dendak eta antzekoak), eta 70 dezibeleko muga ezarri zaie; bigarren taldeak tabernak, kafe-etxeak eta jatetxeak hartzen ditu, 75 dezibeletako mugarekin; hirugarren multzoan taberna bereziak edo pubak, edari alkoholikoak saltzen dituztenak eta musika ipintzen dutenak daude (dantzalekurik gabekoak), 85 dezibeletan dutela muga. Laugarren taldea dantzaleku eta karaoke-lekuena da, 95 dezibeleko neurri gorena dutela. Zarata muga hauekin batera, gutxieneko soinu isolamendu maila bermatu behar dute multzo guztietan.

Ordenantza honek eragina izango du ere, gerora, dagoeneko zabalik dauden ostalaritza establezimenduetan.”Arautegia beteko ez dutenak 'ordenazioz kanpo' utzi edo erabilera toleratupean geratuko dira, saltokia zabaldu, multzoz aldatu, zaharberritze lanak egin, beste arau batzuetara egokitu... mugatuta izango dutela”, Landak zehaztutakoaren arabera. Hain zuzen ere, horrelako aldaketak egitean egokitu beharko dituzte lokalak ordenantza berrira.

Alegazioak

Behin betiko onartu eta erabaki hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denerako sartuko da indarrean. Orain, epealdia irekiko da alegazioak aurkezteko. Zentzu honetan, Getxo Enpresa eta Merkataritza Elkarteak eta Bizkaiko Ostalarien Elkarteak ordenantza esku artean daukate dagoeneko proposamenak egin ahal izateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun