Getxoko egungo alkateak, Iñaki Zarraoak, alkate karguan bere aurrekoa izan zen Humberto Cirardaren izaera nabarmendu du: "alkate moduan garai txarrak bizi izan zituen, ekonomiaren aldetik. Urte haietan Administrazioek ez zuten diru askorik izan", Zarraoak aipatu duenez. "Ekintza garrantzitsuak jarri zituen abian. Besteak beste honako hauek: Getxoko Hiri Antolaketarako plan Orokorra, Udalaren lehen kalitate asmoa, herriaren irisgarritasun plana, eta Galeako ibilbidearen lehen zatia".
Zortzi urtez Getxoko alkatetzan
Zortzi urtez izan zuen agintea Humberto Cirardak Getxoko alkatetzan. 8 urte horietan bizitzaren kolpe latzak jaso zituen. Izan ere, lehenago bere emaztea hil zen eta ondoren bere seme nagusia. Baina, halere, zutitu eta "bere herriarekin zuen konpromisoari eutsi zion".
Jose Manuel Etxebarria eta Marisa Arrue dira Humberto Cirardaren legegintzaldian jardun zutenetik gaur egun Getxoko Udalean jarraitzen duten lau zinegotzietako bi. Jose Manuel Etxebarria, Euzko Alderdi Jeltzalearen zinegotziak, Cirarda alkatearen gizatasuna goraipatu du, baita bere sinesmena eta konpromiso politikoa ere nabarmendu ditu. Marisa Arrue, PPko buruzagi getxotarrak, Humberto Cirardaren gizatasuna eta bere sen bakegilea nabarmendu ditu.
Humberto Cirardaren zaletasun handietako bat musika zen, eta, izan ere, bere azken lana Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiarena izan da. Halere, eta talde eta orkestra handiekin harremanak izan zituen arren, bihotza Algortako Biotz Alairekin zeukan, ohorezko bazkide zen gainera eta beti eskatzen zien “Goizeko Izarra” kantatzea. Txema Batarrita, Biotz Alairen presidenteak Humberto Cirardaren oroitzapen onak ditu.