Gaur eta bihar ekitaldiak egingo ditu Algortan Nazio Eztabaidaguneak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 30a, 14:55

Nazio Eztabaidaguneak bultzatutako Nazio Garapenerako Biltzarrak asteotan burutzen duen nazio estrategiaren gizarteratze lanaren barruan, bi ekitaldi izango dira gaur eta bihar Algortan. Gaur, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaileen ekimenez, “Konponbiderako mahaia orain” lelopeko kontzentrazioa izango da Telletxe plazan 20:00etan, ondoren manifestua irakurriko dutela. Bihar, berriz, Tasio Erkiziak (argazkian) eta Zaloa Lekuek hitz egingo dute 19:30ean Algortako Villamonte kaleko kultur etxean antolatu den mintegi irekian.

Nazio Garapenerako Biltzarrak jakinarazi duenez, egitasmo hauek "herri eragile eta herritarrekin elkarlanean, Euskal Herriaren eraikuntzarako herri estrategia diseinatzeko eta artikulatzeko" antolatu ditu. Izan ere, aipatu erakundearen arabera, "Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatze aldera ezinbestekoa dugu guztion, emakume zein gizon, gazte zein heldu, eragile zein herritarron arteko auzolana. Denon artean, herri bezala aurrera egiteko, elkarrekin Euskal Herriaren zerbitzura lanean aritzeko auzolana egiteko unea da".

Gizarteratze kanpainaren beharra aldarrikatu du Nazio Garapenerako Biltzarrak: "Euskal Herriarentzat lehentasun hori onartzen badugu, eragileekin egin bezala ezinbestekoa dugu herritarrokin aritu eta guztion iritzi eta hausnarketak konpartitzea. Guztion konpromisoa ezinbestekoa dugunez, herritarroi zabaldutako ekimenak abiatuko ditu Nazio Garapenerako Biltzarrak".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun