Uribe Kostako Emakume Plataforma Getxoko Bilgune Feministak eta ELA eta LAB sindikatuek sortu zuten martxoan, eta emakumeen nazioarteko egunean aldarrikatu zuten "indarkeria sexista, tratu txarrak, bortxaketak, emakumeak erailtzea eta bestelako ekintza mesprezagarriak atzean uzteko, gizarte osoak egin behar du lan; izan ere, hemen ez da inor erantzule egiten. Gaur egunean, gizonek ez dute onartzen euren ardura eta 'ni ez naiz izan' esatera mugatzen dira, beste askorik gabe".
Erakundeen ardura
Era berean, Uribe Kostako Emakume Plataformaren aburuz, "erakundeek adierazpen asko egiten dituzte, eta hartu beharreko neurriez aritzen dira; baina gero, berdintasun politikak, ekintza positiborakoak, berdintasun planak, eta abar, eta abar, aurrekontuetan azkenak doaz ilaran. Badago diru publikoa zertan gastatu, eta ez emakumeon eskubideak defendatzen, hain zuzen ere. Ez dago borondaterik, ez dago benetako egitasmorik, aurrekontudunak, ez zaie jarraipenik eta ebaluaziorik egiten, eta, batez ere, ez dute emaitza positiborik emakumeontzat".
Uribe Kostako Emakume Plataformak jakinarazi duenez, bihar, osteguna, "Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egin! Nahikoa da!" lelopeko kontzentrazioa egingo da Algortako Telletxe kalean, arratsaldeko 7:30ean. Ekimen horrekin igandean Barakaldon gizon batek emakume bat erail izanari erantzun nahi diote eta, bide batez, jendartea kontzientziatu behingoz emakumeen kontrako erasoak bukatu behar direla maila guztietan. Igandean, senar-emazteak aurkitu zituzten auto batean elkar ondoan hilda, baina geroago Ertzaintzak jakinarazi du gizonak emaztea hil zuela eta gero bere buruaz beste egin zuen. Barakaldoakoa Euskal Herrian aurten eman den bigarren emakumeen kontrako erailketa izan da, pasa den urtarrilaren 4an Begoña Bohoyo donostiarra hil ondoren.