Algortako Gazte Asanbladako kide batek Gaztesareara igorritako erreportajea:
Gazteen ametsa, Udalaren inguma
Asko izan dira gazteek okupatutako gaztetxeak eta beste hainbeste Getxoko Udalak burutu dituen kanporaketak. Azken okupazioa orain dela bi hilabete gauzatu zela, udalerriko erdigunetik urrun, Getxon. Gazteen ustez, gaztetxea gazteok egindako aisialdi askatzaile bat eraikitzeko ezinbesteko bidea da, udalaren aburuz berriz, gazte gogaikarri eta burugogor batzuen ezinezko ametsa.
Urte askotatik hona, Getxon okupazioaren kontua ez da aldatu. Euskal Herriko beste gaztetxeek udalen babesa duten bitartean, Algortan Getxoko Udalak gazteen etsai sutsua jarraitzen du izaten eta errepresioa egunero jasaten dugu, PNVk jarrera hagitz errepresiboa erakusten baitu gaztetxeen aurrean.
Algorta
Hala ere, Algortako gazteek ez dute etsiko gaztetxeen aldeko borroka latz hau, hazia jada erein baitute. Nahiz eta udalak gogor egin euren kontra isunez, salaketez, atxiloketez eta bestelako neurri errepresiboez baliatuz, haiek euren aldarrikapenekin aurrera jarraituko dute, gazteok gizartearen parte baikara, eta gizartea eraldatzeko sekulako gaitasuna daukagulako, eta haiek badakite horrela dela. Horregatik ez dugu etsiko.
AGA, hamaika aldiz saiatu da herriko alkatearekin, Zarraoa jaunarekin hitz egiten baina inoiz ez dute lortu hitzordua izatea udaletxeko gorenarekin. Gazteei euren proiektu eta gurarien berri emateko hitzordua ukatu die.
Maiz, gaztetxeak gazteen babesa izaten duen arren, pertsona helduen aldetik kasu gehienetan ez da ematen horrelako jarrera positiborik, eta oraindik ere askok susmo txarrekin ikusten dituzte gazteek martxan jartzen dituzten proiektuak. Sarritan, gaztetxeak beste kontu batzuekin harremanetan jarri izan dira, bere benetako dinamika eta espiritua ahantziz. Oraindik ere jende askok gaztetxeen eta drogen arteko lotura zuzena eraikitzen du, ideia hori oso errotuta dago gure gizartean. Arazo honen kausa zein den oso argi daukate Algortako gazteek: askotan hedabideetan dagoen manipulazioa dela eta pertsona helduak kutsatzen dira informazio faltsuez eta ondorioz gaztetxearen inguruko ikuspuntu desitxuratu baten jabe dira. Algortako gazteek orain dela bi urte babes soziala lortzeko kanpaina abiatu zutela hasiera batean jendearen erantzuna ona izan zen, baina azkenean kanpaina hura bertan behera utzi egin genuen.
Pausoz pauso, herriz herri, gaztetxez gaztetxe
Gaztetxearen sozializazioa betidanik gaztetxeko kideen xedea izan da eta azken aldian jendarte osoaren babesa lortzeko ahalegin nabarmenak egin dituzte gazteek eta herritarrek orokorrean, herri bakoitzean gaztetxearen beharra ikustea garrantzitsua baita. Horren saiakeran, orain dela gutxi Euskal Herri osoan zehar, Gaztetxe Martxa burutu zen. Euskal Herriko gazte ugarik parte hartu zuten nazio mailan burututako dinamika honetan. Martxa honen xedea gaztetxeen jendarteratzea, eta gaztetxearen beharraren errealitatea zabaltzea zen, okupazio eta autogestioari ateak zabalduz. Harrera goxoa izan zuen martxa Euskal Herriko herri anitzetan, Uribe Kostan ere horrela izan zen, eta Urduliz, Sopela, Berango, Algorta, Itzubaltzeta / Erromo eta Leioako gazte ugarik bat egin zuten okupazio eta autogestioaren aldeko ibilbide honekin. Algortatik pasatzean jarraipen handia izan zuen martxak, ibilbide jendetsu eta polita egin genuen.
Baina ezin dugu ahaztu, martxa honek indar errepresiboen jazarpena ere izan zuela. Indar errepresibo autonomiko eta estatalek eragotzi zuten gaztetxe martxak kontrolak, identifikazioak, eragozpenak eta debekuak jasan behar izan zituen, baina hala ere, oztopo guztien gainetik aurrera jotzea lortu zuen. Euskal Herrian okupazioaren aldeko mugimenduak pairatzen duen jazarpen poliziala agerian utzi zuten indar polizialek berriro ere ekimen honetan zehar.
Iruñako udalaren debeku baten ondorioz, Burlata izan zen ibilbide honi amaiera eman zion herria. Bertan gazte andana bildu ziren gaztetxe martxari agurra emateko, Euskal Herrian barrena okupazioa eta autogestioaren mezua zabaldu ostean.
Gaztelekua, alternatiba???
Getxoko Udalak orain dela hilabete batzuk, 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat proiektu bat abiatu du: Gaztelekua. Gaztelekua gazteak euren aisialdia igarotzeko alternatiba izan dadila nahi du Udalak eta horrexegatik, ordenagailuz, play station-ez eta jokuz hornituta egongo den espazioa sortu du. Udalaren xedea, proiektu honen bitartez honako hau da: 13 eta 17 urte bitarteko gazteek euren aisialdiaz goza dezaten. Getxoko Udalak proiektu hau gaztetxearen alternatiba bat bezala aurkeztu du, baina, hala ere ez da nahikoa izan Algortako Gazte Asanbladako kideak bereganatzeko. Gazteok gure independentzia garatu eta borrokatzeko eremuetatik bota eta menpeko izan gaitezen bultzatzeko espazioen antolaketa ezarri digute, gainera, adinaren aldetik gaztetasunaren muga faltsuak jarri nahi izan dituzte, adin horietatik at geratzen diren gazteak alboratuz. Gazteek behin eta berriz, agerian utzi nahi izan dute, euren espazioak gazteek aukeratu behar dituztela, eta ez dutela udalaren aldetik inolako esku sartzerik nahi. Gazteak gai gara autogestioaz gaztetxea aurrera eramateko. Beraz, gaztelekuaren proiektua, gazteen aburuz sasi alternatiba bat besterik ez da, Udalak bere burua zuritzeko abiatu duen sormen gutxiko proiektua besterik ez.
Kaleratze askoren lekuko izan dira algortarrak. Dagoeneko azken 6 urtetan 9 izan dira okupatutako gaztetxeak eta 8 jasandako husteak. Hala ere, gazteria nahiko motibatuta dagoela, egiteko asko geratzen den arren. Horrek ez du esan nahi desalojo baten ondorioz jendearen indarrak urritzen ez direnik. Nabaritzen da leku fisikoa ez dagoenean jende gutxiago dagoela gazte asanbladetan, baina gaztetxea ez izateak ez du esan nahi okupazioaren eta autogestioaren borroka bertan behera gelditzen denik. Horretarako, Gazte Asanblada dago. Gaztetxezaleak antolatzeko era asanblearioa da, inolako estamentu barik, non denen iritziak berdin balio duten, ez baikara talde itxia eta herri osoari zabalduta baikaude, bereziki gazteei. Euren lanaz, errealitate berri bat eraikitzeko grinaz, gazteen arazoak, kezkak eta lorpenak denon artean konpartituz gaztetxeak borrokatzeko tresnak dira. Bertan, gazteok antolatu eta borrokatzen dugu. Gaztetxea gazteriak bere beharrak asetzeko erabiltzen duen tresna askatzaile bat da.
Agian, gazte iraultzaile, ez konformista edota ameslariak izango dira. Zalantzan jarri gabe etsaiak dira, botereak etengabe martxan jartzen duen joera neoliberalaren arerio gogorra. Badakite beste errealitate hobeago bat lortzeko duten tresna gaztetxea dela eta horregatik, behin eta berriz haren beharra aldarrikatzen dute. Badakite borroka egin gabe Udalak ez diela ezer oparituko. Hala ere, erraldoiari hortzak erakusten jarraituko diote, gaztetasunaren ilusioa, indarra, adimena erabiliz, euren ametsak egia bihurtuz.