Abian da Leioako Umore Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 2a, 12:04

Leioako Umore Azokak atzo ekin zion zazpigarren edizioko programazioari, 18:30ean Ikea Barri plazan leku izan zuen Patas Pa’Arriba talde argentinarraren “Los Zarabella” aireko akrobazia eta dantza uztartzen dituen saioarekin. Igandera bitartean, umorean, parte-hartzean eta sorpresan oinarritutako ikuskizunez beteko dira Leioako kale-kantoiak: antzerkia, zirkua, malabaristak, aireko akrobaziak, dantza eta magia saio anitz, bertaratzen diren guztien gozamenerako. Inaugurazio ofiziala, berriz, gaur bertan izango da, Kultur Leioan, 14:00etan izango den arrera ekitaldiaren bidez. Bertan, Umore Azoka 2005 sariak banatuko dira. Guztira, 48 konpainiek 130 emanalditik gora eskainiko dute, lau egunetan zehar, horietatik 35 estreinaldiak. Argazkian, Karotz britainiarra “Auto-Gene” izeneko bere muntaiarekin, Kultur Leioa ondoko paretetako batean ikusgai.

Euskal Herriko taldeen artean, Lesnadies y el destilador de ideas izango da ikuskizunik onenari eskainitako saria eskuratuko duena, iaz antzeztutako “Biri bila” lanari esker. Kanpoko ikuskizunik onenaren saria, berriz ,Castelló-ko Visitants taldearen “Viajeros” ikuskizunari emango zaio. Jaialdi garrantzitsuenetako arduradunez, kritikariez eta Arte Eszenikoei lotutako pertsonez osaturiko epaimahaiak joan den edizioan parte hartutako talde guztien artean, baten aipamen berezia ere egiten du, taularatutako lanarengatik. Kasu honetan, 2005eko Aipamen Berezia Los Galindos konpainiarentzat izango da “Nueva vida de José y María” ikuskizunagatik.

Musikaren erritmora

Umore Azokak aurtengo ediziorako antolatutako ikuskizunen artean, gure artean lehendabiziko aldiz estreinatuko den Karotz britainiarraren “Auto-Gene” izeneko muntai iraunkorra topa dezakegu. Biribilean jarritako zortzi aterkiz osatuta dagoen robota, “Singing in the rain” abestiaren erritmora mugitzen da, aterkiak ireki eta itxiz, koreografia polit bat sortuz.
Peter William Holden asmakizun txundigarri honen sortzailea Kultur Leioan izan zen atzo goizean, bere lanari buruzko xehetasunak emateko. Bertaratu ziren EHUko Arte Ederretako ikasle eta irakasleek arreta handiz jarraitu zituzten britainiarraren azalpenak. Izan ere, igandera bitartean Kultur Leioa ondoko paretetako batean jarrita egongo den instalazio hau EHU eta Umore Azokaren arteko elkarlanaren fruitua da, jardunaldien arduradunek jakinarazitakoaren arabera.

“Auto-Gene” iaz estreinatu zen mundu mailan, Amsterdamen urtero antolatzen den “Bodorock” izeneko robotika eta piroteknia jaialdiaren barruan arrakasta handia lortuz. Musikaren erritmora mugitzen den mekanismo tekniko konplexu batean oinarria duen asmakizun bitxi hau, Europa mailatik datorren tendentziarik berriena da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun