Bertsolaritza sustatzeko eta GEHI egitasmoa finantzatzeko 54.000 euro bideratuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 2a, 15:09

Getxoko Gobernu Batzordeak, iaz sinatutako hitzarmenak betez, Bizarra Lepoan Elkarteari eta Algortako Bertsolari Eskolari (ALBE) 24.737 eta 30.000 euroko dirulaguntzak emango die, hurrenez hurren. Bizarra Lepoanek jaso duen dirua gazte taldeetan Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena (GEHI) egitasmoaren jarraipena eta dinamizatze lanak egiteko da. ALBEri emandako laguntza, berriz, bertsolaritza sustatu eta 2006an jaialdiak antolatzeko bideratuko da. “Biak ala biak, euskararen erabilera biziberritzeko udal plangintzaren barruan daude”, adierazi du Lehendakaritza arloko zinegotzi Imanol Landak. Argazkian, elkarteek eta Getxoko udalak hitzarmena sinatu zuteneko irudia.

Bizarra Lepoan Elkarteak, urte berri batez, GEHI hitzarmena sinatu zuten 26 gazte elkarteren egoera soziolinguistikoaren gaineko datuak bilduko ditu, hauekin harremanetan jarriko da eta konpromiso zehatzak proposatuko ditu. Era berean, elkarteak euskara sustatzeko lanak egingo ditu sinatzaileek bere ezagutza eta erabilera hobetu eta euskaraz egiteko gogoa piztu aldera. Halaber, Bizarra Lepoanek, beste elkarte batzuekin batera, Aisialdiko Begiralearen titulua eskuratzeko ikastaro homologatuak eskaintzen ditu. “Begiraleak trebatu nahi ditugu aisialdiko jarduera euskaraz egin dezaten; gaur egun 60 gazte ari dira ikastaroa egiten”, azaldu du Landak. Ildo beretik, Bizarra Lepoanek tailerrak antolatzen ditu gazte hizkera euskalduna bultzatzeko eta, Aixerrota Institutuarekin batera, ikastetxe horretan euskararen erabilera sustatzeko ekintza egitaraua prestatu ohi du.

Hamaika bertso ekitaldi

ALBEk, bere aldetik, 9 jaialdi antolatu ditu aurten eta Getxoko auzoetako jaietan izango da ere. Jaialdirik garrantzitsuenen artean daude honako hauexek: “VIII Balkoitik Balkoira”, ekainaren 16an egingo da Portu Zaharrean, 22:30etik aurrera; Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa; VIII Jaialdi Mundiala eta Ahobien Gala, urte amaieran egingo dena. “Eskola honek egiten duen lanaren adibide esanguratsuak dauzkagu gaur egun. Hala nola, lehiaketetan nabarmendu diren bertsolariak ditu, eta gazte askorentzat erakargarria den aisialdi alternatiba eskaintzen du. Getxoko belaunaldi desberdinen arteko hartu-emanak ere gertatzen dira eskola barruan bertan. Horrez gainera, bertsolaritza zaletasunak ondo egiten dio euskarari, bertsoekin gozatzen dutenek edo bertsozaleek euskaraz hobeto berba egiten dutelako gero”, esan du Landak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun