Autoa uzteko leku nahikorik ez izatea da arazorik nagusiena getxoztarrentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 2a, 20:28

Udalak ordainduta, telefonoz egin berri den ikerketak jasotzen duenez, getxoztarren %36k dio Getxo udalerriko arazo handiena aparkalekuena dela. Izan ere, iaz eta aurten Udalak hainbat herritan eta auzotan espaloiak luzatzeko egindako lanek autoa uzteko doako leku asko kendu dituzte. Bere aldetik, Imanol Landa Lehendakaritza zinegotzia saiatu da getxoztarren kexari garrantzia kentzen, “Udal Gobernu Taldea aspalditik ari dela lan egiten arazo horiei irtenbidea emateko” argudiatuz. Ildo beretik, Landak gogora ekarri du ordaindaketa bidezko parkingak ugaldu direla, tartean Mesedetako Ama eta Pinuetako gurutzebidean Santa Eugenia plazan eta Gobelako kiroldegian egindakoak zein Santa Anan egiten ari dena eta Villamonte aldean proiektatzen ari direna. Argazkian, ordaintzekoa den Mesedetako Ama kaleko parkinga.

Beste arazoak

Getxoko Udal Gobernuaren enkarguz egindako inkesten emaitzak getxoztarren kezka bihurtu diren beste bi arazo gehiago nabarmendu ditu: etxebizitza, %14,49ri kezkatzen zaiona eta trafikoa (%9,74). Arazo horien inguruan mintzatu da Imanol Landa eta Etxe Zuri eta Konporte II inguruetan amaitu diren 50 babestutako etxebizitzak gogora ekarri ditu, baita Santa Anan eraikitzen ari diren 72ak, Iturribarri IIn eta Konporte IVan egingo diren 32ak eta Ormazako 54ak. Horri Getxo herrirako aurreikusita dagoen planeamendu berria ere gehitu behar zaio, Landaren aburuz, eta baita hor Babesa Ofizialeko 4.700 etxebizitza eta prezio tasatuko beste 809 gehiago ere, Zoruaren Legea indarrean sartuko balitz.

Trafikoari dagokionez, Imanol Landak esan du paradoxa dela guneak oinezkoentzat bihurtzeko egindako eta irisgarritasunaren aldeko ekintzek, tartean espaloiak zabaltzea eta ibilgailua oinezkoaren menpe jartzea, oniritzi ona jasotzea
familia bakoitzeko dagoen auto kopuru handia kontuan hartuta.

Presio fiskala

Azkenik, alkate ordeak esan du Getxon presio fiskalaren gaineko pertzepzioa altua dela baina gehitu du herritarrek jakin beharko luketela Getxon presio hori 2002. urtetik hona ez dela ia ezer igo, eta gainera Barakaldon, Gasteizen, Donostian eta Bilbon baino txikiagoa dela, Euskal Kontuen Epaitegiaren informazioen arabera. Gainera, azpimarratu du zerbitzuen kalitatea beste udalerri horietakoak bezalakoak edo hobeagoak dira. Landa ez gogoratu arren, litekeena da iaz onartutako zaborren tasen igoerak hainbat getxoztarrek gogoratu izana presio fiskalaren gainean bertan egiterakoan. Izan ere, kasu batzuetan %86rainoko igoera onartu zuen iaz Udal Gobernuak, eta horren aurka aurkeztutako 9.121 sinadurak baztertu zituen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun