Gaur hasi eta larunbatera bitartean izango da Amarratsak Astea eskualdeko gaztetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 5a, 12:24

"Alternativas al modelo policial y penitenciario" izenburupean, Salhaketa elkarteko kide batek Sopelako Ganebarri gaztetxean, gaur, 20:00etatik aurrera, eskainiko duen hitzaldiarekin emango zaie hasiera Amarratsak kolektiboak antolatutako jardunaldien bigarren edizioari. Eragile hori "gure eskualdean hainbat borroketan egon den eta dagoen hutsunea asetzeko nahian sortu zen" orain bi urte. Horregatik, antolatu duten II. Amarratsak Astean gai ugari jorratuko dira larunbatera bitartean: polizia eredua, mugimendu alternatiboak eta borroka autonomoak, gaztetxeak eta autogestioa, Lurralde Zatikako Plana (PTP) eta Uribe Kostako korridorearen txikizioa eta, azken egunean, Erandioko Ertzain-etxe erraldoiaren kontrako zazpigarren martxa egingo dute. Ekitaldiak Sopelako Ganebarri, Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta, Getxoko Txorimalo eta Leioako Udondo gaztetxeetan izango dira. Argazkian, ostiraleko prentsaurrekoa, Ganebarrin.

Hona hemen, Amarratsak kolektiboan joan den ostiraleko prentsaurrekoan zabaldutako idatzia:

Amarratsak Astea ´06

Oso kezkagarritzat jotzen dugu gaur egun bizi dugun egoera soziala, PNV eta boterean finkaturiko enpresariek Euskal Herrietan ezarri duten politika eskuindar-merkantilista jasangaitza bihurtu baita. Gure eskualdea ez dago errealitate horretatik kanpo, batez ere hirigintzan emandako pausoek gure herrien etorkizuna bahituta utziko dute. Bizilekuen antolamendu fisikoa herritarren bizi kalitatea hobetzeko zerbait zabala bezala ulertu ohi da, hauen beharrei irtenbideak emateko eta, aldi berean, leku bakoitzeko nortasuna errespetatuz.

Ez da hori alegia ikusten dena, Lurralde Zatikako Plana (PTP) eta Uribe Kostako korridorea bezalako proiektuekin agerian dago hirigintza mota honek bertako jauntxoen kontu-korronteak loditzea besterik ez duela helburu. UKko korridorearen kasuan, trafiko arazoak konpontzeko egingo omen dute, baina beste leku batzuetan ikusi den bezala, epe laburreko soluzioa izango da hau, urte gutxitan arazoa areagotuko baita. Alde batetik, herrien arteko joan-etorria arinago egiten da, baina herrietara ailegatzerakoan, auto-ilarak gero eta handiagoak dira. Bestetik, autoaren kultura da bultzatzen dena, ez garraiobide publiko edo bizikletarena. Beraz, kostu ekonomiko handia izateaz gain, gure ingurumenaren txikizioa besterik ez dakar, kostaldea larriki zaurituz. Seiherrin suntsitutako Gerra Zibileko bunkerrak ere gogoratu nahi ditugu, gertaera honekin gure historiaren zati bat lapurtu baitigute.

Bilbo inguruan dauden herriekin eraikiko duten metropoli erraldoia aurrera doa. Luxuzko etxebizitzen bizitegi-gunea da guri dagokiguna PTP honen barruan. Errealitate honen inposaketak gure herrietatik kanpo alde egitera behartzen gaitu edo mailegu baten esklabo bihurtzera, horrek dakarren aldaketa sozialarekin. Egoera hau dela eta sortu zen orain hiru urte Amarratsak kolektiboa, gure inguruko borroka sozialak bultzatzeko asmoz.

Uste dugu eztabaida eta ekintza ezinbestekoak direla gure buruak aldatzeko eta, horrela, gure gizartea bera; horretan datza gure lana eta hori ere bada Amarratsak astearen helburua. Borroka honen barruan gaztetxe eta etxe okupatuen garrantzia nabarmena da, herri antolakuntza eta desobedientziaren erreferente diren heinean. Esan behar da lau etxe intsumiso daudela Uribe Kostan: Udondo, Itzubaltzeta, Ganebarri eta Txorimalo gaztetxeak. Bertan eta kalean arituko gara ekainaren 5etik 10era.

Bukatzeko, aurten ere Erandioko superkuartelaren aurkako zazpigarren martxa antolatu da eta bizikletaz egingo da ibilbidea, Erandion hasi eta Algortaraino. Berriro ere, gure herrien desmilitarizazioa eta armaden desagerpena da eskatzen duguna.

Egitaraua

Astelehena, ekainak 5

20:00etan, "Alternativas al modelo policial y penitenciario" hitzaldia Salhaketa elkarteko kide baten eskutik Sopelako Ganebarri gaztetxean.

Asteartea, ekainak 6

19:00etan, "Tropikales y radikales. Experiencias alternativas y luchas autonomas en Euskal Herrial 1985-1990" liburuaren aurkezpena Jtxo Estebaranz bere idazlearen eskutik, eztabaida eta "Desalojo de Renteria" bideoaren proiekzioa Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean.

Asteazkena, ekainak 7

20:00etan, "Eskualdean egiten ari diren proiektu txikitzaileen aurkako borroka" hitzaldia, Txipio Bai kolektiboaren eskutik, Getxoko Txorimalo gaztetxean.

Osteguna, ekainak 8

19:00etan, "Mugimendu sozialaren bilakaera azkenengo hamarkadetan" hitzaldia eta mahai ingurua, Leioako Udondo gaztetxean.

Ostirala, ekainak 9

20:00etan, "7 días de Lucha Social" (Madrileko Kolektibo Sozialen lana) bideoaren proiekzioa eta, ondoren, Grado kosmetiko eta Dalektpego kantautoreak Getxoko Txorimalo gaztetxean.

Larunbata, ekainak 10

12:00etan, bizikletada superkuartelaren aurka. Erandioko metroko plazatik... Algortara.

14:30ean, bazkari herrikoia Getxoko Txorimalo gaztetxean.

20:00etik aurrera, Lehiotikan eta Des+karadas kontzertuan Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun