Bestalde, "Leioa antzerki profesionalen gune neuralgikoa" bilakatu dela ere aipatu dute udal arduradunek: 48 taldek hartu dute parte aurtengo edizioan, EAE, Espainia eta nazioartetik etorriak, "azoka mundu mailan ezagutzera emanez". Hauetaz gain, Europa mailatik zein Euskal Herritik etorritako 140 programatzaile ere gerturatu dira Leioara, "azokak elkartrukerako eta dinamizaziorako ahalmena duela ziurtaraziz". Ildo horretan, "konpainiek ere euren lanak leku ezberdinetatik etorritako programatzaile zein publikoaren aurrean ezagutzera emateko Leioak, Umore Azokaren bitartez, suposatzen duen laguntza azpimarratu dute", Udaletik jakinarazitakoaren arabera. Bi aspektu hauek, urtez urte Umore Azoka, "arte eszenikoen erakusleiho eta profesionalen topaleku bezala bereganatzen ari den garrantzia" seinalatzen dute, tokiko arduradunen hitzetan.
Antolakuntzak, aurtengo edizioan izandako haur eta gazteen partehartze altua nabarmendu nahi izan du ere bai, azokaren hasierako helburuak betetzen doazela ziurtatuz.
Egitarau orekatu eta anitza
Aurtengo edizioaren egitaraua, orekatua, anitza eta ikuslego guztiei zuzendua izan dela seinalatu dute; kalea, espresio bide kulturaltzat erabiltzen duten genero artistiko guztiak barne hartuz. Eskaintzaren ehuneko 10a, umorezkoak ez diren ikuskizunekin osatu da. Zentzu honetan, ildo honetan jarraitzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek, umorean oinarritutako programazioa eskainiz batez ere, baina bestelako espresio bideak baztertu gabe, batez ere euskal taldeen artean. Izan ere, "horientzat bere ikuskizunen behin betiko estreinaldiak egiteko lekua da Leioako Umore Azoka", nabarmendu dutenez, umorezkoak izan ala ez izan.
Ikuslegoarekin erlazionatutako datuek adierazten dutenez, "eskainitako egitaraua erakargarria suertatu zaie, erabilitako teknikak espazio eszenikoa eta ordutegiei dagokionean, publikoa gozaraziz eta lau egunetan zehar izandako egitarauak jarraitzeko posibilitatea eskainiz". Aurrera begira, azoka publikoaren aurrean instituzionalizatzen doan heinean, ohizko antzerkigintza (umorea, zirkua, animazioa...) eta dantza garaikidea edota sua, piroteknia eta testuaren erabilera murritza egiten duten abangoardia handiagoa duten ikuskizunen arteko oreka bat bilatzeko asmoa agertu dute (normalean, gaueko programazioan leku izaten duten ikuskizunak dira hauek). Baina aldi berean, azoka bat denez, kalea espazio eszeniko moduan erabiltzen duen edozein motatako produktuei irekia egoteko konpromisoa gordeaz. Aipagarritzat jo dute edizio honetan, lehenengo egunetik hasita publiko handia batu dela ikuskizun guztietan, baita gauekoetan ere.
Kale Arteen Topaketa Profesionalak EAEn
2006ko Umore Azokako helburuetako beste bat, EAEko Kale Arteen Topaketa Profesionalei jarraipena ematea izan da. Topaketa hauek 2004an antolatu ziren lehen aldiz eta geroztik urtean bitan ospatzen dira urrian eta ekainean, BAD (Bilbao Antzerki Dantza Jaialdia) jaialdia eta Umore Azokaren barruan hurrenez hurren, aurten beren laugarren edizioa beteaz. Bi egunetan zehar, goizero, arte kaleen egoera hobetzeko ekintzak sortzeko helburuarekin, profesionalen arteko bilgunea eta iritzien zein esperientzien elkartrukerako gunea bilakatu da Leioa. "Politika Kulturalak", "Koprodukziorako eredu berriak", "Kale antzerkiaren nazioarteko merkatua" edota "Egileen eskubideak nazioarteko merkatuan" bezalako gaiak izan diren hizpide nazioarte mailako zein bertako arte eszenikoen profesionalen artean.
Umore Azoka 2006 Sariak
Ohikoa denez, azken egunean, profesionalek osaturiko epaimahaia batek antzeztutako lanen artean hoberenak zeintzuk izan diren erabakitzen du. Aurten, Javier Alkorta, Araiako Umore Antzerki Jaialdiko zuzendaria, Llorenç Corbella Tarregako Fira de Teatre al Carrer jaialdiko zuzendari artistikoa, Eduardo López Medina del Campo-ko Antzerki Erakustaldiko programatzailea, Carlos Gil Zamora antzerki kritikoa eta Artez aldizkariko zuzendaria eta Alberto García Umore Azokako koordinatzailea, idazkari lanetan, izan dira epaimahaia osatu duten profesionalak. Euskal talde baten ikuskizunik onena “Metáfora, el circo olvidado” izan da aukeratua, Leioako Zero Teatro taldearena, irudien magia, espazioaz egiten duten erabilera eta poesia maila altuetako lengoaia eszenikoen erabileragatik. Bestetik, kanpoko talde baten ikuskizunik onena Los Gingers talde kataluniarrarentzat izan da, “Perlas y plumas” ikuskizunarengatik, bertan parte hartu duten antzezleen maila interpretatiboarengatik; baita ikuskizunak duen erritmoa eta momenturo komunikaziorako erakusten duten kapazitatearengatik ere. Horretaz gain, zazpigarren edizio honetan parte hartu duten konpainia guztien artean aipamen berezi bat egitea erabaki du epaimahaiak. Aipamen hori, Estartetxe plazan kokaturiko “Zeruko Arteak” izeneko arriskuko aireko akrobaziei eskainitako guneari eman diote kalitate altuaz burutu direlako multzo dinamiko baten sortuz. Bigarren urtez antolatu den gune honek erantzun positiboa jaso du publikoarengatik. Bertan, Loco Brusca argentinarra aurkezle lanetan, Danimarkako Lice de Luxe, Kataluniako Zirkus Frak, Miguel Soto txiletarra, Circo Plot brasildarra eta Solo Manolo kataluniarraren lanak ikusi ahal izan dira.