EHUko 4.500 ikasle inguruk egin dituzte praktikak enpresetan ikasturte honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 6a, 11:47

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ia 4.500 ikaslek izan dute aukera ikasturte honetan enpresetan praktikak egiteko, "Praktiges on line" programaren bidez. Aplikazio informatiko horren bidez borondatezko praktikak gestionatzen dira, ikasleen eskariak eta enpresen eskaintzak harremanetan jarriz. Programa hau arauzko praktiketatik harago doa, hau da, titulazio batzuetan nahitaezkoak diren praktiketatik aparte, eta ikasleek eurek enpresaren munduan euren prestakuntza osatzeko daukaten interesari erantzuten dio, EHUko iturriek atzo adierazi zutenez. Titulazio guztietako ikasleen esku dago aukera hau, eta Lankidetzazko Hezkuntzari buruzko arautegiaren arabera eta unibertsitateko gainerako arauen menpe bideratzen da. Proiektu honen filosofia da ikasleek praktiken bitartez eurenganatzea lantokietan garatzen diren gaitasun espezifikoak, eta, horrela, unibertsitatean jaso duten prestakuntza osatzea. Bestalde, ikasleak batera egin ditzake kanpoko praktika hauek eta unibertsitateko ikasketak. Argazkian, EHUk eta Iberdrolak lankidetza hitzarmena sinatu zuten unea.

Praktikak ikasleentzat borondatezkoak diren bezala enpresentzat ere borondatezkoa da sisteman sartu eta eskaintzak egitea, nahiz eta baldintza jakin batzuk bete behar dituzten. Horrela, EHUko ikasleak hartzeko, enpresek praktika programa zehatza prestatu behar dute ikaslearen ikastegiko (eskola edo fakultateko) praktika-programaren ardura daukan irakaslearekin batera. Elkarlan hori Hezkuntzarako Lankidetza Hitzarmen batean bilduko da.

Hor zehaztuko dira praktikak egiteko baldintzak eta bermatuko da praktikak baldintzarik egokienetan burutuko direla, ez dela gehiegikeriarik egingo eta beti ere ikaslearen prestakuntza izango dela helburua.

Diru-ordainik ez

Ikasleek ez dute diru-ordainik jasotzen, nahiz eta unibertsitateak enpresei iradokitzen dien laguntza-poltsa bat ematea ikasleei, ikasketa, mantenu eta garraiorako. Era berean, EHUk hitzartuta dauka erantzukizun zibileko poliza bat praktika hauetatik sor litezkeen kalteetatik babesteko.

Interesaturik egonez gero, enpresa edo erakundeak "Praktiges on line" programako web orrian eman behar du izena. Hurren, bere eskaintza sartu behar du fitxa arautua betez, behar duen ikaslearen ezaugarriak zehazturik. Praktikak egiteko izena emanda dauden ikasleen artean, enpresak behar duen profila daukaten ikasleak aukeratzen dira, eta euren curriculumak bidaltzen zaizkio enpresari, hark aukera egin dezan.

EHUko Ikerketako errektoreorde Miguel Angel Gutierrezen esanetan, "ekimen hau Bolognako adierazpenaren harira dator. Izan ere, Europar Batasuneko estatuek 1999an sinatutako adierazpen honek, goi mailako irakaskuntza berriaren testuinguruan, ikasleek praktika bateratuak egitea (akademia-industria) aurreikusten du, lan-merkatuaren premiei begira".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun