Aitor Elortza euskal iheslari politikoa urtarrilaren 16an hilik aurkitu zuten Baionako bere etxean, erbestean 26 urte zeramatzala. Ipar Euskal Herritik Mexikora ihes egin zuen 80eko hamarkada hasieran. Ondoren, Ipar Euskal Herrira bueltatu zen berriro eta 1991ko maiatzean atxilotu eta Fresnesen (Paris) espetxeratu zuten 1992ko arte; 1993an epaitu ondoren, absoluzioa jaso zuelarik. 1994an berriz atxilotu zuten eta Metz-era bidali zuten. Bertan, zaintzapean ostatu batean bizitzera behartu zuten, "lan egiteko aukerarik gabe eta estutasunez beteriko egoeran", Askatasunak salatutakoaren arabera. Aste batzuk beranduago, konfinamendua apurtu eta "Euskal Herrira bueltatu zen bere herrian libre bizitzeko eskubidea praktikan jarriz".
Hitzaldia eta omenaldia
Hain zuzen ere, Aitor Elortzaren ibilbide politikoa, militantziaren gorabeherak eta elkarrekin izandako bizipenen berri emateko Mikel Urrizek hartuko du hitza ostiraleko saioan. Urriz Elorzaren burkide izan zen Komando Autonomo Antikapitalistetan eta berarekin batera alde egin zuen herritik. Horrezaz gain, Elortzaren bizipenak biltzen dituen proiekzio bat izango da, bai eta euskal iheslari politikoen egoerari buruzko beste bideo emanaldi bat.
Bestalde, maiatzaren 26an Donibane Lohitzunen gauza bera egin zuten arren, Elortzaren gogoari jarraituz, bere familiak errautsak Algortara itzuli eta Portu Zaharrean zabalduko ditu igandean, bertan omenaldia egingo zaiolarik.
Hona hemen Askatasunak gaur zabaldutako prentsa-oharra:
Aitor Elortza
Prentsaurreko honetara deitu zaituztegu, lehenik eta behin, Aitor Elortza iheslari politiko oihari eginen diogun omenaldiaren berri emateko eta bigarrenik, Aitor, iheslarien kolektiboko kide izanik, kolektibo honek pairatzen duen errepresioa salatzeko. Aitor, Euskal Herriari dagozkion eskubideen alde aritzeagatik 1979an, Algortatik, bere sorterritik ihes egitera behartua ikusi zuen bere burua. Euskal Herriko hainbat gizon-emakumeek bezalaxe, atxiloketa, tortura... errepresiotik ihesi. Aitor, bi estatuen menpekotasunari uko eginez, Euskal Herriaren defentsan, gatazka politikoa gainditzea helburu, iheslarien kolektiboaren partaide izan zen.
Euskal Herria, borroka, ihesa, exilioa, atxiloketa, konpromisoa, espetxea, gose grebak, GAL, jazarpen poliziala, tortura, asignazioa... hainbat Euskal Herritarren gisara Aitorrek bere horretan bizi behar izan zituen bizipenak ditugu hauek. Hitzak baino, iheslarien kolektiboak egunerokotasunean eta mendez mende bizitako errepresioaren isla. Aitorren irriparra eten ez, baina bizitza bezain gogorra izan den heriotzera eraman dituen bizipenak alegia. Hemendik, beraz, estatuen errepresioak Aitor erahil duela salatu nahi dugu. Pertsona eta militantea akabatzea helburu duen errepresioak erahil du Aitor.
Gaur, Aitor gure artean ez dugun arren, bera bezala milaka iheslariek Euskal Herriaren alde egindako borrokari atxikiz, abagune politiko honetan, iheslarien kolektiboaren, aldarrikapenak gure egin nahi ditugu:
- Euskal Herriak bizi duen gatazka, herri honeri dagozkion eskubideen ukaziotik (lurraldetasuna, autodeterminazioa) eratorria izanik, gatazkaren izaera politikoa da. Horren ondoriozkoak diren iheslarien izaera politikoa ukaezina da beraz.
- Gatazka politikoa konpontzeari begira, errepresaliatuen izaera politikoa onartu eta euren aurkako errepresioa etentzearekin batera, beraien parte hartzea bermatuta izan beharko da.
Aitorrek erakutsitako konpromiso eta borroka gure artean geratzen da... Agur eta ohore, Aitor!