Bi gizon atxilotu dituzte Arrigunaga hondartzan lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 6a, 20:48

Ertzaintzak 29 urteko bi gizonezko atxilotu zituen atzo (ekainak 5) arratsaldean Getxon, lapurreta delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera, agiriak eta sakeleko telefonoak ostu zizkieten motxiletatik Arrigunagako hondartzan zeuden emakumezko gazte batzuei. Arratsaldeko 17:00ak aldera jakinarazi zioten polizia autonomikoari lapurreta bat izan berri zela. Gertatutakoa argitutakoan, eta ustezko lapurren deskribapena zeukatela, Neguriko ertzain-etxeko agenteak pertsona horiek bilatzen hasi ziren eta Ereaga hondartzaren inguruan aurkitu, identifikatu eta atxilotu egin zituzten, arratsaldeko 18:00ak aldera. Argazkian, Arrigunaga hondartza / frussurf.com

Dirudienez, biktimek motxilak hondarrean bakarrik utzi zituztenean egin zuten lapurreta bi lagunek (F.A. eta S.K., 29 urtekoak), polizia iturrien arabera. Minutu batzuk lehenago lapurtutako sakeleko telefono mugikorra berreskuratu zuten ertzainek atxiloketaren unean. Atxilotuak epailearen esku geratu dira beharrezko izapideak bukatu ondoren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun