Erandio Goikoak 497 etxebizitza berri izango ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 6a, 21:59

Erandioko Udalak lehenengo administrazio tramitea onartu du Erandio Goikoan 497 etxebizitza eraikitzeko. Horietatik 300 baino gehiago etxebizitza sozialak izango dira, tokiko erakundeko iturriek jakinarazitakoaren arabera. Dena den, tramitazio prozesuak luze joko du eta eraikitze lanak hasterako, behintzat, hiru urte igaroko dira. Gainera, etxebizitza gune hori kultura, kirola eta gizarte alorreko hainbat ekipamenduz hornituko dute, eta gaur egungo azpiegiturak hobetzeko balio izango duten espazio libreak ere aurreikusita daude.

Goikolanda aldean frontoi publikoa eraikitzea izango da eremu horretako ekimenik garrantzitsuenetakoa, aipatu dutenez, eta horrela erantzuna eman ahal izango zaio kirol ekipamenduei dagokienez Erandion aspalditik zabaldutako eskariari. 3.100 metro koadroko orubea izango da horretarako. 325.000 euro eta 600.000 euro arteko inbertsioa egingo dute.

Eraikin soziokulturala

Erandioko Udalak laster adjudikatuko ditu Erandio Goikoako Andra Mari elizaren atzealdean egitekoa den eraikin soziokulturala eraikitzeko lanak. Eraikin horretan medikuaren kontsulta, hirugarren adineko pertsonentzako esparrua eta liburutegia egongo dira, besteak beste. Urtea amaitu aurretik ekingo diete eraikitze lanei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun