Gaur eguerdian Arkautin egindako bileran, Udaltzaingoen Koordinaziorako Batzordearen egitura organiko berria aurkeztu du Herrizaingo Sailak, aldaketa nagusiak gehienbat Batzorde horri eragingo baitio zuzenean. Udaltzaingoen Koordinaziorako Zuzendaritza berria eratuko dute Batzordearen barruan, Eudelek eskatuta, “Ertzaintzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoen arteko harreman eta koordinazio ez operatiboetarako tresnak ezartzeko helburuarekin”.
Herrizaingo Sailak beste autonomia erkidegoetan dagoen erregistroaren moduko bat sortzeko dekretuaren zirriborroa aurkeztu du Euskadiko udaltzainen erregistroa sortzeko, bertan zaindari, jagole, aguazil eta antzeko izena hartzen duten guztiak barne hartuko dituela. Erregistroa ez da publikoa izango, eta “bertara bakarrik sartu ahal izango dira udalak, euren zerbitzura dauden langileen datuen berri izateko, eta udaltzainak, euren datu pertsonalen berri izateko”.
Gainera, Batzordean sei lantalde eratu dituzte, ahal den neurrian, eta betiere udal bakoitzaren nahiaren arabera, planteamenduak bateratzeko, besteak beste, honako arlo hauetan: aukeraketa eta trebakuntza, hornikuntza, komunikazioa eta informatika, jarduteko, antolatzeko eta funtzionatzeko prozedurak eta Poliziaren funtzio publikoa. Azkenik, Eudelekin kolaborazio finkoa ezarriko dute, taldeek egingo duten lana eraginkorra izateko, eta helburua lortzeko bermea handiagoa izateko, Udaltzaingoa duten herriek talde horietan parte hartzea beharrezkoa baita.