Aurten zazpi ikastetxek egin dute bat Getxoko Eskola Agenda 21arekin: Geroa eta Gobela ikastolak, Larrañazubi eta Juan Bautista Zabala herri ikastetxeak; eta Aixerrota, Julio Caro Baroja eta Fadura institutuak, hurrenez hurren. Zentro hauek udalerriaren egoera aztertu dute eta, gaur izandako Eskola Foroan, euen konpromisoak aurkezteaz gain, hainbat proposamen egin dizkiote tokiko erakundeari, udalerrian mugikortasuna hobetu aldera. Proposamen hauek lotuta daude, hain zuzen ere, bizikletan seguru ibiltzeko, kaleetan autoen abiadura geldotzeko eta hesi arkitektonikoak kentzeko beharrarekin eta doako bizikleta zerbitzua, jolas-gune gehiago, autobus zerbitzu zabalagoa eta sentsibilizazio kanpaina gehiago izateko eskariekin. Eskaera hauekin batera, ikastetxe bakoitzak proposamen multzo bat prestatu du zentroen inguruetan gertatu ohi diren arazoak konpondu aldera. Horien artean, Geroa ikastola ondoko Maidagan kaleko trenbide-pasaguneak eta Julio Caro Baroja eta Fadura institutuetatara heltzeko igaro beharreko Makaleta etorbideko errepideak daukaten arriskuaz ohartarazi dute eskola-umeek.
Bideragarritasuna
Zarraoak azaldu du egin dituzten eskaeren artetik batzuk bete dituztela eta, gainera, udalerriak sariak jaso dituela hainbatetan era honetako ekintzengatik. Beste proposamen batzuk, ordea, "ez dira bideragarriak", alkatearen hitzetan. Esate baterako, "bidegorri gehiago egitea". Udal agintariak azaldutakoaren arabera, "lanean ari gara bidegorri gehiago egiteko etxe berriak altxatzen ari diren lekuetan baina, halere, dagoeneko etxeak egin diren guneetan ez da erraza bidegorriak jartzea, oinezkoei edo autoei lekua kendu behar zaielako”.
Autoa era arrazionalagoan erabiltzea, oinez edo garraiobide publikoetan joateko ohitura bultzatzea, bizikletaren erabileraren alde egitea, ikastetxeetan birziklatzea sustatzea, energiaren aurrezten jarraitzea eta ingurumenarekiko jarrera egokiak bultzatzea dira Tokiko Eskola Agenda 21ean parte hartzen duten Getxo udalerriko hezkuntza zentroetako neska-mutilek hartu dituzten konpromisoetako batzuk. Ingurumena zaintzen laguntzea da helburua eta, horretarako, orain amaitzen ari den ikasturtean mugikortasuna eta aldaketa klimatiko gaiak landu dituzte. Ikasleek egindako lanaren gaineko ondorioak aurkeztu dizkiete, gaur goizean, Iñaki Zarraoa alkateari eta Fernando Burzako Ingurumen zinegotziari, udaletxeko batzar areto nagusian burututako foroan (argazkian). Udal agintariek, berriz, egindako lana eskertu eta zoriondu ondoren, mota honetako ekimenek "udalerri atseginagoa lortzen” laguntzen dutela azpimarratu dute.