Carey eta Lurrie Bellek emango diote hasiera bihar Getxo&Blues jaialdiari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 8a, 19:11

Ekainaren 9tik 11ra, blues estilo anitzen erakusleiho bilakatuko da Getxoko XVIII. Nazioarteko Blues Jaialdia. Aurten izen handiko artistak bilduko dira Algortako Portu Zaharrean: Carey eta Lurrie Bell, Ike Turner eta Nora Jean Bruso, Getxoko Kultur Etxeko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Programa borobiltzeko Travellin' Brothers Bilboko taldearen emanaldia izango da, taldeak EAEn egindako blues erritmoetara gerturatuko gaitu. Horrela, hiru egunetan, publikoak soinu eta estilo nahasketaz gozatu ahal izango du Algortan. Ohi bezala, kontzertuak 21:30ean hasiko dira, igandekoa izan ezik (20:00etan) eta sarrera doakoa da. Argazkian, Carey eta Lurrie Bell.

Travellin' Brothers izango da, hain zuzen ere, jaialdiari hasiera emango dion taldea. Kultur iturriek jakinarazitakoaren arabera, EAEn egindako bluesak gaur egundo musika panoraman leku bat egiteko asmoz sortu zen Travellin' Brothers boskotea; ekainaren 9an, ostiralez, hasiera emango diote hasiera jaialdiari. 2003aren bukaeran jaio zen bost musikari gaztez (gitarra, ahotsa, baxua, bateria eta teklatua) osatutako banda hau. Oraingo honetan, euren azken diskoa aurkeztuko dute Algortan: "This is the Line", hain zuzen ere.

Travellin' Brothersen emanaldiaren ondoren, Carey Bell eta Lurrie Bell bere semea jardungo dira Portu Zaharreko karpapean, Careyren kasuan, hasiera batean saxoa jo nahi bazuen ere, harmonika izan zen bere lehen musika tresna. Bere dohainak instrumentu honen maisuen tutoretzapean lortu zituen. Lurrie ordea, 6 urte zituela gitarra jotzen hasi zen. Heziketan bere aitarekin harremana zuten irakasle askok parte hartu zuten.

Hurrengo egunean, hilak 10, larunbata, estilo erasokorreko gitarrista bat izango da: Ike Turner, hain zuzen ere. 15 urte egon zen musika mundutik aldenduta baina 90eko hamarkadan gogor ekin zion txikitatik ezagutu duen unibertso honi. 2001ean funk-blueseko "Here and Now" diskoa argitaratu zuen, lan honek izen handiko blues eta jazz jaialdietara bultzatuko zion eta Grammy sari bateko izendapena lortzeko aukera eman zion.

Amaiera bikaina

Getxo&Bluesari amaiera bikaina emateko, Mississippiren deltatik datorren Nora Jean Bruso abeslaria arituko da. Greenwood-en jaio eta musika nagusi zen giro batean hezita, laster jaso zituen bere aitaren (blues abeslari profesionala), osabaren (blues musikaria), amaren (gospel abeslaria) eta bere amamaren (klub baten jabea zena) irakaspenak.

Lehenengo emanaldi profesionala 6 urte besterik ez zituela eskaini zuen. Bere seme-alabak hezitzeko geldiune bat egin ostean, Nora berriro ekin zion musika munduari eta 2003an bluesaren 10 emakume-ahots onenetariko bat izendatu zuten. 2004an lan berri bat grabatu zuen: "Going Back to Mississippi".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun