AEK Eguna ospatuko da larunbat honetan Larrabetzun

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 9a, 19:56

Bi urteko etenaldiaren ondoren, larunbat honetan ekingo diote berriro AEK Eguna ospatzeari, Larrabetzun. Biharkoa "oso AEK Egun berezitzat" jotzen dute Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko arduradunek: "AEKko ikasle, irakasle, laguntzaile zein AEKren helburuekin bat egiten duten guztien eguna da, eta 1988tik ospatu da, Hernanin lehenengo aldiz antolatu zenetik. Ondarroa, Zumaia, Donapaleu, Portugalete eta Lizarra izan dira, besteak beste, orain arte urtean behin ospatu izan den jai honen lekuko. Bi urteko etenaldiaren ondoren, ohiko data aldatu –orain arte udazkenean egin izan da– eta aurtengoa euskara ikasle, irakasle eta euskaltzale guztien ikasturte amaierako jaia izango da", azaldu dutenez. Goizeko 11etan izango da hasiera-ekitaldia herriko plazan; hortik aurrera egun guztian egongo da zer ikusi eta zerekin gozatu Larrabetzun. Argazkia: "Kukubel 2.0" ikuskizuna estreinatuko du AEK Egunean Kukubiltxok.

Esan bezala, 11:00etan hasiko da AEK Eguna, Etxahun Lekue eta Iratxe Ibarra bertsolarien ahotik. Ondoren, 11:30ean, xiba jokoa izango da, herri kiroletan oinarritutako jokoa, alegia. Futbolak ere izango du lekua: 12:30ean Athleticeko beteranoak eta AEKko ikasle eta irakasleak arituko dira aurrez aurre. Arratsaldeko 3etatik 5ak arte, berriz, Beñat Ugartetxeak eta Oihana Bartrak bertsotan arituko dira eta trikitilariak ere izango dira bazkari gunean.

"Kukubel 2.0"ren estreinaldia

Kukubiltxo konpainiak "Kukubel 2.0" ikuskizuna aurkeztuko du 16:30etik aurrera, eta 17:00etan "Esaera zaharrak eta bertsoak" jendarteko lehiaketa egingo da, Miren Loizaga eta Xabi Paya bertsolarien partaidetzarekin. Ordu erdi beranduago, "Mihiluze - AEK" izeneko ETBko Mihiluze saioaren egokitzapen bat egingo dute, Kike Amonarriz, Ilaski Serrano eta Asisko Urmenetarekin. Luhartz taldeak erromeria eskainiko du arratsaldeko 7etatik aurrera. Bukatzeko, 23:00etan txosnak itxi eta jaia bukatuko da.

Hala ere, 23,00etatik aurrera, Hori bai gaztetxeak antolatuta, DJ Gaua izango da zentro sozialean bertan, DJ Marek 131 eta DJ Makala favela funk eta booty bass + free musika beltzarekin. Egun guztian zehar kale animazioa izango da trikitilariekin eta fanfarrearekin; baita taloak, tonbola edo Korrika denda ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun