Udako Kanpaina martxan jarri du Musikherriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 9a, 22:09

Musikherria kultur talde herrikoia bere burua ezagutarazteko eta herrietako jaiak antolatzen dituzten eragileekin elkarlana sustatzeko herriz herri dabil bere proposamen autogestionatua aurkezten. Kolektiboak azpimarratu du Musikherria “SGAE edo SACEM bezalako eragileekin lan egiten ez duen” aukera ezberdin bat dela musika munduan. Ekimen berri hau iaz abian jarritako Gaztetxe Bira 40 bat gaztetxeetatik igaro ostean, bere amaierara heltzear dagoela aurkeztu dute. Musikherriaren barruan, besteak beste, eskualdeko Maz Mon Kis, Konter, All Jazz Era, Gaizka, Kaskarreko, Kloratita edo Skaramuza daude. Argazkian, kolektiboaren aurkezpena, iaz / Musikherria.

Musikherriaren oharra:

Musikherria, izenak berak adierazten duen bezala, herria eta musika uztartzen dituen herri diskoetxea da eta Jai batzorde, txosna batzorde, Gazte Asanblada zein musika eskaintzen duen eragile guztiengana jotzen ari gara geure burua aurkezteko eta, bide batez, herri mugimendu bezala, haiekin lan egiteko asmoz. Dakigunez, Euskal Herrian hainbat jai dira eta gure burua eskaini nahi diegu edozertan laguntzeko. Musikherria beste aukera bat bezala aurkezten da, baina aukera desberdina, SGAE edo SACEM bezalako eragileekin lan egiten ez duena, autogestioa praktikara eramaten duena, herri kultura eta partehartzea bultzatzen duen proiektua da. Horregatik, proiektuaren aurkezpena eta musika taldeen kontaktuak batzen dituen idazkia prestatu dugu eta herriz herri banatzen ari gara.

Argibide gehiagorako: info[abildua]musikherria.org edo 695 199 619 telefono zenbakia.

Gaztetxe Biraren bukaera jaialdia

Abenduan hasitako Gaztetxe Biraren bukaera heldu da. Horretarako, Ekainaren 17an, larunbata, Zarautzeko Putzutzulo gaztetxean jaialdia prestatu dugu 22:00etatik aurrera. Jaialdi honek, gaztetxe honetan bertan antolatu duten Software Librearen Asteburuarekin bat egingo du musika askearen aldeko apustua ozen aldarrikatuz. Horrela, Jonu bakarlaria eta Korumbà eta SKT Sekuentzia taldeak arituko dira Putzuzuloko eszenatokian.

Azken 6 hilabete hauetan Euskal Herriko gaztetxeetatik egin dugun birari buruz oso balorazio positiboa egiten dugu. 40 gaztetxe inguru zeharkatu du birak eta 40 talde baino gehiagok parte hartu du. Eskertzekoa da Gaztetxeek hartutako konpromiso irmoa Gaztetxe Bira eta Musikherriaren proiektuari dagokionez. Elkarlan polita jarri dugu martxan eta hasieran geneuzkan 3 helburuak bete ditugu:

-Musikherriak herri/gazte mugimenduko eragileen proiektuekin, kasu honetan gaztetxeekin, bat egitea eta elkarlana burutzea.
-Musikherriaren proiektua eta taldeak ezagutzera ematea.
-Gaztetxeak kultura askearen aldeko gune erreferenteak bilakatzea.

Musikherria
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun