“Haizeetara zoaz, Aitor”

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 12a, 05:31

Aitor Elortza errefuxiatu politikoa zenaren errautsak zabaldu zituzten atzo Algortako Portu Zaharrean, ehunaka lagunen aurrean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek Elortza omentzeko eta azken agurra emateko prestatutako ekitaldian 500 bat pertsona bildu ziren 46 urteko iheslari algortarra agurtzeko, tartean lagunak eta senideak, ama buru zutela. Ekitaldian zehar, Iñigo Santxo abokatuak, Jose Luis Monzon lagunak, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak eta Julen Larrinaga Askatasuneko bozeramaileak Komando Autonomo Antikapitalisten kidea izan zen Elortzari buruz berba egin zuten, bere bizitza pertsonala eta militantzia ezin izan zutela banandu, Elortzarentzat “borroka bizitza ulertzeko era” baitzen. Dani Unibaso preso ohia zenaren heriotza, preso eta iheslarien bizi baldintzak eta Euskal Herriak bizi duen prozesu demokratikoa ere hizpide izan zituzten Visik, Aitorren ama, bere semearen errautsak Kantauri itsasoari eman baino lehen. Gabi Basañez bertsolariak ekitaldian agurtu bezala “haizeetara zoaz, Aitor”. Omenaldiko argazkiak ikusteko, sakatu hemen.

Txalaparta doinu artean hasi zen ekitaldia 13:30ak aldera. Hainbat arrantzalek “gurekin dagoen” Elortzaren omenez su piztu ostean Iñigo Santxo abokatuak Elortzaren alderdi anitzak ekarri zituen gogora: dantzaria, argazkilaria, irakurle porrokatua, arrantzalea, Komando Autonomo Antikapitalisten militantea eta, horrezkero, iheslaria, atxilotua, presoa, errefuxiatua, erbesteratua, eta desobedientzialaria izan zen, besteak beste, Aitor Elortza.

Algorta, Mexiko, Metz, Lapurdi

Dantzari bikote batek Elortzaren erretratuaren eta hurbileko senideen aurrean erakustaldia egin eta gero, txalapartariak eta adar joleak musika jarri zioten uneari. Ondoren, Jose Luis Monzon lagunak beste alderdi hurbilagoen berri eman zuen: harroa, eskuzabala, baikorra, borrokalaria eta langilea zen Aitor Elortza egunero jaikitzen zen goizeko 6etan Plentziako institutura joateko. Euskal Gazteria (EGA) mugimeduko kidea izanda, kideen delegazionismoa onartu ez eta Bizkaiko asanbladetara guztiak joatea lortu zuena, edota molotov koktelak botatzeko makina diseinatu eta inoiz eraiki ez zuen hara. Era berean, ehiztaria zela, Elortzak txoriak askatzen zituela gogoratu zuen Monzonek eta, horren omenez, bildutakoak “Txoria txori” kanta abestera bultzatu zituen.

Ondoren, Algortako senideek Aitorren amari Etxeraten ikurra den kinkea oparitu eta sutsuki besarkatu zuten Visi. Izan ere, Aitor ihesean eta prekariotasunean bizi izan bazen ere, Visi ez zen zurrunbilo horretatik urrun egon, semearekin batera bera ere espetxeratu eta epaitu baitzuten, Bartzelona komandoko kideak bere etxean hartu zintuelakoan. Libre gelditu baziren ere, Aitorrentzat ez ziren bukatu GALen itzala, debekuak, erasoak eta atxiloketak, tartean Mexikon erbestea eta Metz-en konfinamentua pairatu zituela. Elortzak desobedientziaz erantzun zuen eta Lapurdin bizi izan zen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari hainbat ekarpen eginez.

Hain zuzen ere, azken 22 urteotan Aitorren ondoan egon ziren Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren mezua entzuteko aukera izan zuten Algortako Portu Zaharrean bildutakoek. Iheslariek gogoratu zuten Elortza Algortatik ihes egitera bultzatu zuten jazarpen poliziala eta GALen heriotz mehatxua eta harrezkero bizitutako prekarietatea, baina baita ere Aitorren nortasuna eta injustiziaren aurrean agertutako sentiberatasuna. Metzeko konfinamentua apurtzeko berak azaldutako desobedientzia eredua izan behar dela, batez ere oraingo egoeran “estatuetatik ez dugula ezer espero”.

”Askatasunaren izenean”

Bertsolariei txanda egokitu zitzaien orduan eta Ekaitz Larrazabalek ere Elortzaren eredua aldarrikatu zuen: “zu bezalako pertsonak dira / herri txiki honen eredu. / Eman diguzun guztiagatik, / Aitor, gogoan zaitugu”. Pello Etxebarriak Algortako semea zenaren erbestea gogoratu ostean, gaur egungo bake giroa eta kartzeletan daudenak ekarri zituen gogora: “denak etxean behar ditugu bakea egotekotan”. Azkenean, Gabi Basañezek Elortzak euskalgintzan, mugimendu autonomoan eta hainbat arlotan egindako lana azaldu eta agurtu zuen: “haizeetara zoaz, Aitor”.

Momentu horretara arte normaltasunaren barruan kokatu zen ekitaldi politikoa, beste maila batera igaro zen Espainiako epaitegi bereziek erabakitako hainbat erakundeen ilegalizazioa dela eta. Horrela azaldu zuen Iñigo Santxo abokatuak, Askatasuna eta askatasuna hitzekin jolastuz: “PSOEko epaile faxista batek askatasuna ilegala zela erabaki zuen, PSOEko beste epaile faxista batek askatasunak bere jarduera guztiak bertan behera utzita zituela esan zuen. Argi dagoena da askatasuna ez dagoen estatu bat estatu faxista bat dela”, eta askatasuna leku guztietan “defendatu behar” denez, “askatasunaren izenean” zetorren Julen Larrinagari mikrofonoa ukatzerik ez zutela, gaineratu zuen Santxok.

Josu Jon Imaz borrokalaria

Askatasuneko bozeramaileak Aitor Elortza Frantziak eta Espainiak jazarpenaz erail dutela salatu zuen, eta beste iheslarien bizipenekin alderatu zuen: “tortura, kartzela eta abarretik ihesaldira jo zuen, borroka proiektu bat zuelako, eraldaketa soziala eta Euskal Herriko gizon eta emakumeen askatasuna” defendatzen zituen Elortzak eta defendatzen dituzte iheslariek. Larrinagaren aburuz, Aitorrengan ezin zen alderatu bizitza pertsonala militantziatik, “Euskal Herriko pertsona askorengan bezala”. Elortzarentzat eta beste askorentzat bizitza ulertzeko era den borrokagatik “oraindik orain herri hau bizirik dirau”, gaineratu zuen Askatasunako eledunak, “borroka” hitzak bere edukia galdu izanak kezkatuta: “Josu Jon Imazek EBBko presidentziagatik borrokatu zuela eta guzti ematen duela” adibidetzat hartuta. Horrezkero “borroka ezkerretik” aldarrikatu zuen, ongizate kolektiboaren onerako egiten den borroka.

Ikuspuntu politiko horretatik begiratu zion Larrinagak gaurko Euskal Herriko egoerari eta abiapuntu politikoa badagoela onartu bazuen ere, abiapuntua baino ez dela gogoratu zuen, aurrera jotzeko hainbat bortxakeri eta eskubideen urraketa gainditu behar direlakoan, tartean “militarizazioa, Espainiako zein Frantziako Polizia-indarrak, ertzainen eta foru polizien demokraziaren aurkako jarrerak, hildakoak, torturatuak, eskubide eza”, edota “tortura babesten duten Parisko 14. eta Espainiako Auzitegi Nagusia bezalako epaitegi bereziak”. Horren ondoan kokatu zuen politikoki eta gizarte mailan ematen ari diren atzera pausoak, proiektu ekonomikoen inposaketa, gazteriaren aurkako errepresioa.

Errautsak eta loreak Kantauri itsasoan

Baina, Julen Larrinagaren ustez prozesu demokratikoa Euskal Herrian aurrera egingo badu Espainiak zein Frantziak “presoak, iheslariak, torturatuak, zaurituak” eta abarrekoak aintzat hartu beharko dituzte, baina “ikusiko dugu borondatea duten”. Konponbiderako mahaia martxan jartzeko unea dela, “baina aldi berean neurri antidemokratikoak atzera bota behar dira” laburtu zuen.

Ondoren, txistulariek “Eusko gudariak” jotzen zuten bitartean, Aitor Elortzaren erretratua, gurasoak eta arreba portuko muturrera abiatu ziren, dozenaka pertsonek ikurrinez osatutako pasabidetik. Muturrean, errautsak ikurrinean jarri eta bertatik Kantauri itsasora bota zituzten. Malkoen artean, inguruko lagunek lore eskaintza egin zioten Elortzari, loreak uretara botaz, errautsen gainean. “Eusko gudariak” kantarekin ekitaldiari amaiera eman zioten txistulariek.

Gaiaren inguruko berriak:

Aitor Elortzari egindako omenaldiaren argazkiak (Flickr.com)

Sorterriak agurtu du Aitor Elortza azkenekoz (Gara)

Aitor Elortzaren errautsak zabalduko dituzte igandean Algortako Portu Zaharrean (2006 Eka 09)

Aitor Elortzaren bizipenak izango dituzte hizpide bihar Algortan (2006 Eka 08)

Aitor Elortza gogoan iheslarien izaera politikoa aldarrikatuko dute Algortan (2006 Eka 06)

Aitor Elortzaren biografia (Barrutik)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun