Getxoztarren %60k "positibotzat" jotzen du Areetako Xake plazan kultur ekitaldiak egitea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 14a, 18:34

Getxoztarren %60k "positibotzat" jotzen du Areetako Xake plazan hainbat kultur ekimen antolatzea, Getxoko Udalak urtero egiten dituen iritzi-inkestetako baten datuek agertu dutenaren arabera. Joan den urtarrilean, udalerrian erroldatutako 658 laguni telefonoz egin zieten galdeketaren datuek argertu dute ekipamendu horrekin “Udalak egindakoa ondo dagoela, batez ere izandako balorazio positiboari gehitzen badiogu iaz Areetako Xake plazan jarritako ekipamendu hori 133.700 lagunek erabili zutela”, azpimarratu zuen astelehenean Imanol Landa Lehendakaritza zinegotziak. Argazkia: Karpa erraldoiaren ordez, kultur ekitaldietarako Gobela kiroldegia erabiltzea eskatu zuen duela hilabete bat Getxoko PPk, Xake plazan bertan. Mozioa ere aurkeztu zuten maiatzeko udal batzarrean.

“Nola baloratzen duzu Areetako Xake plazan kultur ekimen batzuk egitea, esate baterako, Folk Jaialdia, Getxo Moda edo Getxolandia?” galderari %48,12k nahiko positibotzat jo zuen, 10 puntutik 7 eta 8 artean emanez eta %17,03k oso positibotzat jo zuen 9 eta 10 puntu arteko kalifikazioa emanez. Udal arduradunek emandako datuen arabera, inkestatutakoen %6,79k soilik negatibotzat jo zuen erabilpen hori, 0 eta 4 arteko punturekin. Galdetutakoen %13,75ek “ez daki, ez du erantzuten” aukera hautatu zuen eta %20,25ek ez zuen ez positibotzat ez negatibotzat jo. "Beraz, Areetako Geltokiko Plazan hainbat kultur ekimen egitearen ganeko balorazioaren bataz bestekoa 7,10 puntukoa da", Landaren hitzetan.

Getxoko Udalak eragin zuzenagoa duten pertsonen iritzia ere ezagutu nahi izan du eta, horregatik, inkesta gunez gune ere egin dute, galdera berbera Getxo, Algorta-Neguri eta Itzubaltzeta / Erromo-Areetako auzokideei eginez. "Hain zuzen ere, Erromo-Areetako herritarrak izan dira plazan karpak ipintzea hoberen baloratu dutenak, hau da, %56,06k. Galdetutakoen %35,98k nahiko positibotzat eta %20k oso positibotzat jo du hori. %5,66k negatibotzat jo du soilik", azaldu zuen udal zinegotziak.

Hainbat datu

2005ean, 133.700 lagunek parte hartu zuten Areetako Xake plazan antolatutako kultur ekimenetan, hau da, Getxoarte, Eskulangintza Azoka, Folk Jaialdia, Itsas Abestien Jaialdia, Zirgariak, Komiki Azoka edo Getxolandariarekin. Karpa handia jartzearen kostua 85.038 eurotakoa izan zen eta txikiarena 22.630ekoa. Eszenatoki horietan egindako ikuskizunetan 117.293 euro batu zituen Udalak.

Gaiaren inguruko berriak:

Karpa erraldoiaren ordez, kultur ekitaldietarako Gobela kiroldegia erabiltzea eskatu du Getxoko PPk (2006 Mai 19)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun