Gorlizek azken hondartza denboraldia izango du aurten, obrei ekin aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 14a, 21:57

Uda hau berezia izango da gorliztarrentzat, hondartza egungo egoeran ikusiko duten azken aldia izango baita. Izan ere, Espainiako Ingurumen Ministerioak hala onetsita, uda amaitzean hasiko dira hondartza antolatu eta egokitzeko lanak. Gauzak horrela, Gorlizko hondartzaren erabiltzaileek hainbat zerbitzu izango dituzte ekainaren 15etik irailaren 15era, besteak beste, hiru informazio-elementu, 12 dutxa, 5 iturri, oinak garbitzeko beste bost eta komunen 3 modulu. Horretaz gain, bainu-hartzaileak jagoteko, Gurutze Gorriko bost sorosle tituludun egongo dira eta hondartza udaltzaingoko laguntzaile-unitate batek zainduko du.

Bestalde, hondartzak Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako irisgarritasun-neurri guztiak betetzen dituela baieztatu dute udal arduradunek. Patxi Igartua alkateak gaineratutakoaren arabera, "aurten ere Hondartza Denontzat programa jarriko da abian; horren helburua ezgaitasunen bat eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonei hondartzara etortzeko erraztasunak ematea da eta, horretarako, zerbitzu bereziak eskainiko zaizkie, besteak beste, uretako aulkiak edo egokitutako makuluak mailegatzeko zerbitzua". Ekimen horiek Bidaideak, Euskal Elbarrituen Elkarteak eta Heldu, Urritasuna duten Pertsonen aldeko Elkarteen Federazioak antolatu dituzte eta datorren uztailaren 1etik, larunbata, irailaren 1era, ostirala, gauzatuko da.

Aparkatzea 4 eurotan

Gorlizko Udalak autoa uzteko 800 toki baino gehiago prestatu ditu Astondoko eta SOS zerbitzuko aparkalekuetan eta horren ondokoan; bertan, larrialdietan esku hartzeko heliportu txiki bat ere egongo da. Aparkatzeagatik 4 euro ordaindu beharko da ekainaren 15etik irailaren 15era.

Gaiaren inguruko berriak:

Gorlizen 18 langabetu kontratatu dituzte udako beharrizanak estaltzeko (2006 Eka 14)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun