Uda igarota mediku-kontsultategia izango du Armintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 14a, 22:13

Lemoizko Udala lokal bat (argazkian) prestatzen ari da Armintza auzoan, Atalaia kaleko 5. zenbakian, mediku-kontsultategi berria jartzeko. Horrek Atalaia plazakoa ordezkatuko du. Pedro Jesus Botejara alkateak azaldu duenez, “aurrekoa txiki geratu da. Gainera, herritarrei arreta hobea eman gura diegu; horregatik erabaki dugu inbertsio garrantzitsu hau egitea”. Proiektua beheko solairuaren barnealdea erreformatzeko da, azaldu dutenez, 126,55 metro koadroko azalera erabilgarria eta 3,70 metroko altuera dituena. “Obra bukatutakoan, oraingo lokalean eskaintzen diren osasun-zerbitzu guztiak instalazio berrietara eramango ditugu”, esan du Botejarak. Kontsultategi berria egiteko 133.303 euroko inbertsioa egin du Udalak. Uda ostean amaituko dutelakoan gaude.

Instalazio berriak sarbidea, harrera-gela, itxarongela eta komunak, hiru kontsultategi eta biltegia izango ditu. Proposatutakoaren arabera, sarbidea Atalaia kalean egongo da, eta harrera-gela batera emango du, hortik itxarongelara sartzeko. Azken horrek alboko kalera eta pasillora emango du. “Hiru kontsultategiak, medikuntza orokorra, erizaintza eta erabilera ugaritako gela ere alboko kalearen fatxadan egongo dira, argia hobea delako eta kanpotik jende gutxiago dabilelako”, azaldu du Botejarak. Pasilloaren beste aldean komunak eta biltegia egongo dira.

Egitura

"Fatxaden tratamenduari dagokionez, lokalaren itxura berezia eta unitarioa izan dadila nahi dugu, erraz identifikatzeko modukoa, eta ingurunea suspertu dezala. Horretarako, itxitura bat proiektatu da, kristalezko azalera (kristal bakarra eratuz) eta parte itsua (zurez estalia) konbinatzen dituena. Kanpoko instalazio guztiak ostentzeko erabiliko da zura: kableak, zorrotena edo telefonia, besteak beste", azaldu du alkateak.

Bestalde, kontsultei nolabaiteko pribatutasuna emateko, fatxada itsua izango da. Leiho altu eta handi bat izango du, beirazko zatiari lotuko zaiona, harrera-gela osoa goitik behera itxiz. Gainera, lokal osoan aire egokitua egongo da, tenperatura egokiak lortzeko moduan, bai hotzak, bai beroak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun