Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzetako Autogestio Eguneko ekitaldi guztiak debekatu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 17a, 06:37

Getxoko Udalak debekatu egin ditu Itzubaltzeta gaztetxeak gaurko deitutako ekitaldi guztiak. 3282/2006 dekretuan Iñaki Zarraoa alkateak hainbat lege aipatuz kaleko ekintzak debekatu ditu inolako baimenik ez eskatzeagatik. Berriz, gaztetxearen barruan egitekoak diren bideo emanaldia eta kontzertua galarazteko Ikuskizun Publiko eta Jolas Jarduerei buruzko Euskal Legean oinarritu da EAJko alkatea bertan ere jasotzen baita ikuskizunak burutzeko Udalari baimena eskatu behar zaiola, 10 egunekoa gutxienez. Gaztetxeko kideak iluntzean batu dira dekretua aztertzeko eta erantzun bat emateko. Horrezkero, jakinarazi dute gune autogestionatua diren heinean ez dutela dekretua aintzat hartuko eta ekitaldi guztiak mantenduko dituztela, Udal Gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB alderdiei debekuen ardura leporatuz. Era berean, aurretik Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeari zein Gazte Enbata konpartsari "jarritako oztopoak" gogoan izan dituzte.

Itzubaltzeta gaztetxearen oharra:

Ekitaldi hau Poliziaren mehatxupean dago

1.- Getxoko Udal Gobernuak (EAJ, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua) polizia indarrak erabiltzeko mehatxua egin du, Itzubaltzeta gaztetxeak gaurko Autogestio Eguneko ekitaldiak bertan behera utziko ez baditu.

12:00. Arropa azoka Xake plazan.
13:00. Murala.
15:00. Herri bazkaria.
17:00. Olerkiak eta bakarrizketak.
19:30. Bideo emanaldia Itzubaltzeta gaztetxean.
20:00. Kontzertua Ehiztari, Noizean Behin eta Biok taldeekin.

Mehatxu hori atzo heldu zitzaigun dekretuz mozorrotuta:

“Dekretua: 3282/2006. Data: 15/06/2006. Gaia: Prohibiendo expresamente a ITZUBALTZETA GAZTETXEA celebración actos día 17 de junio de 2006. Arloa: Régimen Interior. Erref.: AC/AU/sa. Interesduna: Itzubaltzeta gaztetxea”.

EAJ, EA eta EB taldeek, egungo erregimeneko legerian babestuz, erabaki dute debeku horretaz “berri ematea Getxoko Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, zehatz-mehatz bete dezaten”.

2.- Itzubaltzeta gaztetxeak EAJ, EA eta EB taldeei erantzuten die:

a) Jendarte zentro autogestionatua, edo gaztetxea, bertan parte hartzen duten pertsonen eskuetan dagoen tresna da. Hainbat eta pertsona gehiagok eta anitzagoek osatu, orduan eta hobeto. Horregatik, asanblada bidez eta aho batez erabakitzen duten bertako partaideek osatutakoak ez diren
instituzioek edo erakundeek ezin izango dute kontrolatu. Jakina, diru laguntzarik ere ezin du jaso gaztetxeak...

b) Ez ditugu onartzen beraiek nahierara jarritako debekuak, herriko gazteria eta beste auzokideek batera erabakitzen dugunak baino ez gaituelako gidatzen.

c) Gainera, erabilitako argudioak barregarriak dira. Esan digute “hala plazak nola kaleak eta bideak tokiko erabilera publikoko ondasunak direla” eta plazez, kaleez eta bideez gozatzeko baimenak emateko ahalmena jarri diete beraien buruei. Horregatik, “hamar egun lehenago” baimena ez eskatzeagatik, EAJ, EA eta EBk debekatu dituzte Ibaiondo eta Xake plazako
ekitaldi guztiak, nahiz eta autoen eta pertsonen trafikoa ez oztopatu eta inori kalterik ez egin.

Era berean, beste lege bat erabili dute Itzubaltzeta gaztetxean
burutzekoak diren zinema eta musika ekitaldiak haien nahiera makurtzeko. “Erakunde antolatzaileak behar bezala egiaztatu badu lokala edo instalazioa (...) erabilgarri dagoela” eta “eska daitezkeen segurtasun eta higieneko baldintzak betetzen dituztela” baieztatzea omen da aitzakia. Halere, dagoeneko Itzubaltzeta gaztetxeak mota horietako 100 ekitaldi baino gehiago burutu dituela gogoratu behar dugu. Itzubaltzeta gaztetxeak arduratsu eta ongi jardun du horietan eta herriko auzokideei ekitaldien berri eman die.

d) Ez da lehenengo aldia jokabide hauekin harritzen gaituztena. Herriko beste kolektibo batzuek bere baitan pairatu dituzte Udalak jarritako oztopoak, nahiz eta zegozkien baimenak eskatu.

3.- Itzubaltzeta gaztetxeak erabaki du:

a) Mantentzen ditugu eta mantenduko ditugu Itzubaltzetako gazteok asanblada bidez erabakitako jarduerak.

b) Gure auzokideak errespetatzeko diogun konpromisoari tinko heltzen segituko gara.

c) Zuen inposaturiko sistemari alternatibak sortzeko antolatzen jarraituko dugu.

Gora gaztetxeak! Gora bihotzak!

Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta. Bizkaia.
itzubaltzetagaztetxea[abildua]mundurat.net

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun