Getxoko Folk Jaialdian aurkeztuko du Kepa Junkerak "Hiri" bere disko berria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 19a, 20:09

Kepa Junkera (argazkian) musikari bilbotarrak irailaren 4an aurkeztuko du, Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren barruan, irailaren 4an aurkeztuko du "Hiri" izenburuko bere disko berria Kepa Junkera musikari bilbotarrak, Elkar Musikako iturriek prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez. Aipatu diskoetxean argitaratu ziren Junkeraren lehenengo lanak, eta hara itzuli da, hamar urteren buruan, disko berri hau kaleratzeko, Lagun Aro aseguru-etxearen babesarekin. Ohi bezala, Areetako Xake plazako karpapean izango dira folk jaialdi getxoztarraren emanaldi nagusiak eta bertan egingo dute "Hiri" diskoaren aurkezpen-kontzertua. Junkerak "berezko senak hartaratuta edo jakin-min itzel batek eramanda", bide berriak urratzen jarraitzen du. Bizikidetzarako norabide berriak eta kulturen arteko ulermenerako hizkuntza eta lurralde berriak bilatzen darrai musikari bilbotarrak.

Kepa Junkerak (Bilbo, 1965), "Hiri" izeneko bere disko berriarekin borobildu egin du nolabait bera erreferente bihurtu duen sormenezko ibilbide oparoa. Bidaia-koaderno baten moduan, istorio kilikagarriak eta sentsazio bakanak biltzen ditu lanak. Diskoan zehar, argi-arrasto batek erakusten du, ibilian-ibilian, irudimenezko hiri baten zirrikituak, egilearen mundu pertsonalarenak; lan honetako kantu trinko bezain distiratsuek, musikaren xarmapean, hiri berezi batera darama entzulea: "zaratatsu eta koloretsua, abegikor eta zoragarria, bihurria, aldakorra, oroitzapenezko eta askatasun-gosezko abestiz hornitua".

Bilduma honen erakargarritasun nagusietako bat Kepa Junkeraren gaitasun izugarria da giro musikalak sortzeko. Horrela, giro "etnikoak bezain gaur egungoak, indartsu bezain zabalak, Hamelingo xirulariaren antzera entzulea sorgindu eta katigatzen dutenak" suma daitezke. Lan honek banaketa paraleloa izango du, hasiera-hasieratik, hainbat herrialdetan: Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Benelux, Suitza, Italia eta Japonia. Horren bitartez, merkatu eta aukera berriak deskubritzen jarraitu nahi du musikari bilbotarrak.

Hainbat musikarien parte-hartzea

Diskoan parte hartu duten musikarien artean daude Gilles Chabenat (vielle); Alain Bonnin (pianoa); Alos Quartet (harizko tresnak); Jean Wellers (kontrabaxua); Bulgarka (ahotsak); Glen Velez (perkusioak); Andy Narell (steel drum); Bottari & Enzo Avitabille (perkusioak); Aygun (ahotsa eta panderoa); Patrick Vaillant eta Melonious Quartet (mandolinak); Jose Antonio Ramos (timple kanariarra); Xose Manuel Budiño (gaita); Eliseo Parra (ahotsa); Mercedes Peon (ahotsa); Tactequete (perkusioak), Etxak (txalaparta) eta Ibon Koteron (alboka).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun