Bestalde, Juan Ignacio Perez EHUko errektoreak esker ona adierazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinaturiko hitzarmenagatik. Instituzioen mailan inoiz sinaturiko akordiorik "bikain, historiko" eta, finantzari dagokionez, "garrantzitsuena" dela ziurtatu zuen, "Eusko Jaurlaritza kanpoan utzita, legez kolaboratu behar duelako". Campus teknologikorako 28 milioi euroko ekarpena egutegi baten bitartez burutuko da. Diru-aguntzarik handiena 2006an emango da, 15 milioi eurorekin; 2007an zazpi milioi emango dira; eta 2008an, beste sei milioi.
Erakustazoka
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartu du 50 urtez EHUri emateko Bilboko antzinako erakustazokaren lursailean dagozkion hirigintza-eskubideen titulartasuna. Halaber, EHUk foru erakundeari bueltatuko dizkio Ingeniaritza Tekniko Industrialaren Unibertsitate-Eskolako (Kasilla plaza) eta Enpresa-Ikasketen Unibertsitate-Eskolako (Elkano, 21) zentroak, erabilera akademikorako operatiboak ez direnean. Foru erakundearen asmoa da, epe laburrean, Kasillako eta Elkanoko Enpresa-Ikasketen Eskolako hirigintza-eskubideak erabiltzea Gizartekintza eta Nekazaritza sailetarako foru eraikin bat sortzea, egun alokaturiko egoitzetan baitaude.