Kontseiluak Euskal Tonbola berria jarri du martxan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 19a, 20:40

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Tonbola berria aurkeztu zuen ostiralean. 2005ean abian jarritako ekimena berriro martxan jarri du honenbestez, baina "eraberritu" egin du "azalez eta mamiz". Kontseiluko ordezkariek Donostiako taberna batean aurkeztu zuten Euskal Tonbola, tabernetan izango baita nagusiki salgai. "Euskal Tonbola berriak esku eskura jarriko dizu Txina exotikorako bidaia edo Pirinioetarako lagun arteko asteburupasa", adierazi zuten aurkezpenean. Euskal Herri osoan izango da Euskal Tonbola. Oraingoan Euskal Tonbola berriaren aurkezpen orokorra egin dute Kontseiluko ordezkariek baina Euskal Tonbolaren ibilbidea hasi besterik ez da egin. Ekainean eta uztailean zehar Gipuzkoa osoan salgai egongo da, irailean Bizkaian eta ondoren Araban, Iparraldean eta Nafarroan izango da. Argazkian, Iker Gomez de Segura Kontseiluko finantzaburuak, ostiraleko aurkezpenean.

Guztira 300 herritan eta 1.700 tabernatan izango da boletoak eskuratzeko aukera, eta herri txikienetara ere iritsiko da. Orain Gipuzkoako edozein herritan dago Euskal Tonbolan jokatzeko aukera. "Pixkanaka zure herrira ere gerturatuko gara", adierazi zuen Iker Gomez de Segura Kontseiluko finantzaburuak.

Iaz abiatu zen herriz herrikako bere ibilbidean Euskal Tonbola. Euskararekiko aldekotasuna eta jokoa elkar hartuta, egitasmo berritzailea plazaratu zuen horrekin Kontseiluak, eta herritarrek apustuari heldu zioten, eta 100.000 sari baino gehiago banatu ziren. Esperientziaren harrera bikainak eta arrakastak ekarri dute Euskal Tonbolaren berriro abiatzea, eta "nobedadez gainezka".

Sariak

Itxura modernoa du 2006ko Euskal Tonbola berriak, eta barietatea ere ezaugarri funtsezkoenetakoa izango du. "Sari aukera oso zabala prestatu dugu, 30 sari desberdin baino gehiagorekin", aipatu zuten aurkezpenean. Gainera, sariak iazkoak baino are hobeak izan daitezen ahalegin garrantzitsua egin da Kontseilutik.

Sarietan erakargarrienetarikoa Txinarako bi pertsonarentzako bidaia izango da. Teknologia berriekin bat egiten dutenak ere egongo dira aukeran, edonon filmak ikusteko DVD eramangarriak, musika eta irratia entzuteko MP3ak, edonora nola joan azaltzen duten GPSak edo etxerako DVD irakurgailuak, besteak beste.

Ukigarriak diren sariez gain, bestelakoak ere eskaintzen ditu Euskal Tonbolak: Arzak jatetxe ezagunean afariak bi lagunentzat edo asteburuak Pirinioetako landetxeetan zortzi laguneko koadrilentzat, esate baterako.

Euskal Tonbolaren txartelak tabernetan erosi ahal izango dira nagusiki, "baina aurten bestelako saltokietara ere zabaldu dugu", argitu zuten Kontseiluko ordezkariek; horrekin, okindegi edota janari dendatan ere aurki daitezkeela boletoak adierazi nahirik. Euro bakar baten truke saltzen da txartel bakoitza eta hazkatu besterik ez da egin behar ezkutatzen duen saria zein den ikusteko. Sari gehienak, gainera, txartela erosi den tokian bertan eskuratu ahal izango dira.

Euskal Tonbolan jokatuz euskara "jokoan ez jartzen" lagunduko dute erosleek. Izan ere, egitasmo honetatik lortutako etekina euskararen normalizazioan urrats berri eta sendoak ematen jarraitzeko erabiliko du Kontseiluak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun