Bihartik aurrera abiadura-kontrolak areagotuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 19a, 20:58

Ertzaintzak abiadura-kontrol gehiago egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan astearte honetan hasi eta uztailaren 2ra arte, “gehiegizko abiadura eta istripuak gutxitzeko neurri gisa”. Kontrolak istripu gehien eta gehiegizko abiadura izaten diren errepideetan egingo dituzte, bide-sare nagusian eta bigarren mailakoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturrien arabera, Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa 2003-2006ri dagokion Lan Mahaiarena (Zaintza eta Kontrola deritzo) da ekimena, eta errepideetan heriotzak %20 gutxitzea du helburu. EAEko hiru hiriburuetako eta zenbait udalerritako udaltzaingoek ere parte hartuko dute ekimenean. Kanpaina honekin batera abiadura-mugak gainditzeak dakartzan arriskuez kontzientziatzeko mezuak areagotuko dituzte. Argazkian, auto-istripua.

Esan bezala, bihar, ekainak 20 hasiko da kanpaina eta 15 egun iraungo du, uztailaren 2a arte, alegia. Gehiegizko abiadura eta errepideetako ezbeharrak gutxitzea du helburu. Radarraren erabilera areagotuko duen kanpaina honetarako, halako kontrolak egiten dituzten agenteen kopurua handitu egin dute; horrek kontrolak egiteko orduak eta kontrolatutako ibilgailuen kopurua areagotuko du. Kontrolak istripu gehien izaten diren errepideetan eta gehiegizko abiadura sarrien gainditzen den lekuetan egingo dira.

Hala eta guztiz ere, Ertzaintzak gidari guztiei gogorarazi nahi die abiadura-kontrolak urte osoan egiten direla, nahiz eta kanpaina honi esker mota honetako zaintza asko areagotuko den. Kontrolak radar finkoekin zein mugikorrekin egingo dira. Halaber, gogoratu dute lanetan dauden tokietan edota abiadura behin-behinean murriztuta dutenetan (istripua izan berri delako, esaterako) ere kontrolak egingo direla kanpainak dirauen bitartean zein urte osoan.

Iaz 11.600 salaketa

Emandako datuen arabera, 2005. urtean zehar, Ertzaintzaren 2.119 patruilak 13.228 ordu eman zituzten abiadura-kontrolak egiten. Guztira 396.448 ibilgailu kontrolatu zituzten eta 11.663 salaketa egin ziren, radar mugikorren bidez abiaduraren arau-hausteak atzeman eta gero.

Herrizaingo Sailak 34.634 salaketa izapidetu ditu urtean batez beste, azken zortzi urteetan, radar finko eta mugikorrekin eginiko kontroletan gehiegizko abiadura dela eta. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Bide-Segurtasunari buruz 2005ean publikatutako inkestak dioenaren arabera, galdetutako lagunen %30ek soilik errespetatzen dute gehiegizko abiadura autobideetan.

Bestalde, Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak (OCDE) eginiko ikerketan azaltzen denez, herrialde garatuetan hildakoren bat eragiten duen istripuen %30etan gehiegizko abiadura egoten da. Horrez gain, zazpi herrialdetan eginiko probetan zehaztu denez, radarrekin %17 murrizten da hildakoak eragiten dituzten istripuen kopurua.

Ikerketa horrek berak dioenez, gainera, oinezkoen %90 onik ateratzen dira, harrapaketa egotekotan, ibilgailuak orduko 30 kilometrotik beherako abiadura eramanez gero. Orduko 45 kilometroko abiadura gaindituz gero, ordea, onik ateratzeko portzentajea %50era murrizten da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun