Goizeko seiak aldera, ibilgailu batek 21 eta 32 urteko Erandioko bizilagun bi (I.M.S. eta I.U.M.) harrapatu zituen BI-737 errepidean, Erandio Goikoa auzoan. Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten zauritutako lagun biak, horietako bat larri. Istripua jazo ondoren, ibilgailuak alde egin zuen, polizia iturriek emandako datuen arabera eta, hortaz, gertatutakoa argitzeko eta gidaria identifikatzeko ikerketa lanak abiatu zituen Ertzaintzak.
Burututako ikerketak oinarri hartuta, 14:45ak aldera, Bizkaiko Trafiko Unitateko agenteek 23 urteko gazte bat atxilotu dute (Derioko bizilaguna), errepideko segurtasunaren aurkako delitua egitea, ausarkeriaz gidatzea eta salaketa faltsua jartzea leporatuta, aipatutako istripuan ustez zerikusia izan baitzuen. Atxilotuak ibilgailua ostu ziotela salatu zuen goizean Ertzaintzaren aurrean, ezbeharra eragin zuen ibilgailua, hain zuzen ere.