Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Debekuari aurre eginez Autogestio Eguna ospatu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 20a, 04:48

Aurretik agindu bezala, Itzubaltzeta gaztetxeak aurre egin zion larunbatean Autogestio Egunaren aurka Getxoko Udalak jarritako debekuari. Egun osoan zehar udaltzainen eta ertzainen presentzia herrian nabarmena izan arren, ia ekitaldi guztiak burutzea lortu zuten gaztetxeko kideek. Goizean, udaltzainek arropa azokako dozenaka praka, kamiseta eta jantzi eraman zituzten (argazkian), 25 bat gazteek eskuan zituzten kartelen bidez debekua salatzen zuten eta ehun bat auzokideek poliziei "lapurrak", "lotsagabeak", "alferrak" eta antzeko irainak botatzen zizkieten bitartean. Gauean ere, 23:15ean, udaltzainak gaztetxetik igaro ziren kontzertua bertan behera uzteko. Gaztetxeko kideek jakinarazi zieten kontzertua gaueko 12etan bukatuko zela, “auzokideekin horrela hitzartuta dugulako”. Horrezkero, udaltzainek alde egin zuten, baina lehenago Itzubaltzeta gaztetxearen kontrako salaketa bat jarriko dutela iragarri zuten. Era berean, auzokide bat salatu dute “mehatxuak egiteagatik”.

Goizeko 12etan hastekoa zen Getxoko Udalak debekatutako Autogestio Eguna, baina ordu horretarako lan pila bat eginda zuten Itzubaltzeta gaztetxeko kideek. Goizeko ordu txikietan komunikabideei, alkateari, alkateordeari, Udal Gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB alderdiei zein Euskal Herriko gaztetxeei jakinarazi zieten ez zutela inolako debekurik onartuko. Ondoren, eskuko kartelak, esku-orriak eta pankartak prestatu zituzten eta eguerdian, egitarauak finkatu bezala, arropa azokako material guztia jarri zuten Areetako Xake plazako izkina batean, auzokideen eta 10 udaltzainen begien aurrean.

“Ekitaldi hau Poliziaren mehatxupean dago”

Arropa ikusgai jarri bezain laster, Getxoko Udaltzaingoko kabo bat hurbildu zitzaien Itzubaltzetako gaztetxeko kideei, ekitaldia debekatuta zegoela gogoratzeko eta azoka hortik ken dezaten eskatzeko. Gazteek kasurik ere ez zioten egin. Orduan, udaltzainek Udaltzaingoko egoitzara deitu zuten, aginduak jasotzeko. Bitartean, dozena bat gaztek bertatik igarotzen ziren agure zein atsoei zer arropa ona saltzen zuten azaltzen ari zieten, “merke, merke” gainera, eta beste lau kidek “Ekitaldi hau Poliziaren mehatxupean dago” lelopeko esku-orriak banatzen ari zituzten.

Horrelakoetan, Ertzaintzaren furgoneta bat heldu zen. Bertatik bederatzi polizia jaitsi ziren eta emakumezko ertzain bat buru zutela, txanoak eta kaskoak jartzen jardun zuten. Bitartean, Udaltzaingoko kaboa berriro hasi zen gazteekin berba egiten: “zuek ikusiko duzue, baina hobea da gurekin elkar ulertzea, bestela, kale salmenta izatetik orden publikoko afera izatera pasatuko litzateke eta haiekin”, ertzainei seinalatuz, “moldatu beharko zinatekete”. Gazteek beraien asmoa egun osoko egitaraua betetzea zela behin eta berriro azaldu ostean, argi esan zieten udaltzainei: “zuek egin nahi duzuena”.

Brad Pitt, gaztetxeko kidea

12:20an, udaltzainek urrats bat emateko garaia zela erabaki zuten eta saltokietan zeuden gazteei dokumentazioa eskatzen hasi ziren. Baina, gazte guztiei ahaztu omen zitzaizkien paperak etxean eta, horren truke, 50 bat izen biltzen zituzten zerrenda batzuk ematea proposatu zuten: “Itzubaltzeta gaztetxea zerrenda hauetakoak gara”. Baina, udaltzainek ez ziren morea koloreko paperekin fidatu: “hor jarri ahal izan duzue, nahi izan duzuena, Brad Pitt eta horrelakoak”, eta ez zituzten onartu.

Identifikazio prozesua zapuztuta, gatazka beste maila batera igarotzea deliberatu zuten Getxoko tokiko poliziek eta lehenengo saltokira zuzendu ziren materiala kendu ezean “bahituko” zutela jakinaraztera. Herri Norte Taldeko kideek material berria batu zutenean, bigarren saltokira igaro ziren udaltzainak. Bertan abisu berbera eman baina erantzun ezberdina jaso zuten poliziek: “ez dugu kenduko, alde batetik hau gune autogestionatua delako eta zuen aginduei tirrit egiten diegu eta, bestalde, hau ezin daitekeelako izan kale salmenta ilegala hemen jada ez delako ezer saltzen, jantzi guztiak nahi duen jendeari oparituko baitizkiogu”, kaboaren aurpegia orduko ikustekoa bihurtu zen, “gainera, zer edo zer eraman nahi baduzue hemendik, indarrez izan beharko da”. Beste saltoki guztietan erantzun berbera jaso ostean, materiala “bahitzeko” auto bat eskatu zuten poliziek.

“Lapurrak”

12:40an, 100 bat auzokide zeuden plazako punta horretan, gazteek emandako esku-orriak irakurtzen, jantziak probatzen, edo, besterik gabe, gazteei, ertzainei eta udaltzainei begira. Udaltzainen autoa heldu zen, jantziak oparitzen ziren saltokien aurrean geldituz, eta orduan hasi zen udaltzainen lehenengo lerroa jantziak hartzen, bigarren ilarakoek gerritik atera gabe borrak heltzen zituzten bitartean. Saltokietan zeuden 25 bat gaztek isilik zeudela Zarraoa alkatearen eta Getxoko Udal Gobernuaren kontrako kartelak atera zituzten. Une horretan zur eta lur zeuden auzokideak, oihuka hasi ziren udaltzainen kontra: “lapurrak”, “lotsagabeak”, “alferrak”, “inoiz ez zaudete behar denean eta gero gazte gizajoak molestatzen”, eta abar. Gazteei ere bere atxikimendua adierazi zieten.

Udaltzainek arropa eramaten zuten bitartean pare bat gaztek galdetu zien jantziak berreskuratzeko non eskatu behar zuten. Udaltzainek ez zien esan baina bai baldintza bat aurretik jarri: “eman DNI eta aukera izango duzue, bestela ez duzue berreskuratuko”. Orduan, gazteen eskaerak aldatu ziren “lapurtutako arropa” hori ekimen sozialetara bideratzeko, birziklapen kooperatibetara edo hirugarren munduko ekimenetara kasu, baina edozein kasutan zaramara ez botatzeko: “ez dugu Zabalgarbiri jaten eman nahi”. Bost minututan modaz betetako Udaltzaingoko autoa eta ertzainen furgoneta urrundu egin ziren, gazteen txalo artean: “lan aparta, bikaina, zoragarria... egiten duzue”, “heldua naizenean zuek bezalakoa izan nahi dut”, eta abar.

144. udaltzaina

Eguneko lehenengo afera bukatuta, auzokideei bere babesa eskertu eta asanblada txiki bat egitea deliberatu zuten gazteek. Bertan, 13:00etan egin behar zen murala aurrera ez eramatea eta, ordea, tentsioa baretuko zituzten jolasak antolatzea erabaki zuten gaztetxekoek beraiek.

Aulkien jolasean ari ziren bitartean, 13:40ak aldera, gazteek hainbat datu berri ezagutu zuten goizean gertatutakoaz. Alde batetik, udaltzainen ahotik jakin izan zuten Zarraoaren beraren aginduz Getxoko udalerrian aktiboan zeuden udaltzain guztiak bideratu omen zirela Itzubaltzeta gaztetxeko ekitaldiak oztopatzera, nahiz eta Algortan, adibidez, umeen ekitaldiak zaintza gabe utzi. Era berean, udaltzainek auzokide baten kontra ustezko mehatxuengatik jarritako salaketaren berri izan zuten. Auzokideak goizeko arroparen “bahiketa” gertatzen zen bitartean gazteen jarrera babestu zuen eta horri erantzunez udaltzain batek, geroago 144 zenbakiarekin identifikatuko zena, mehatxatu zuen: “txakurra aske ateratzen duzun hurrengoan salatuko zaitut”. Auzotarrak erantzun zion “eta nik zuri uniforme gabe ikusten zaitut hurrengoan” eta, besterik gabe, udaltzainak joan orduko udaletxera joan zen kexa bat sartzera. Une horretan 144 zenbakiko udaltzainak jakinarazi zion mehatxuengatik salaketa jarri ziola eta datorren ostegunean deklaratu beharko duela Getxoko Justizia Jauregian.

Kultur zinegotzia, gaztetxean

Handik aurrera, eta gizonezkoari elkartasuna agertu ondoren, gazteek ekin zioten herri bazkaria prestatzeari, hainbat pankarta artean: “Inposizioen aurrean, Itzubaltzeta bizirik”, “Gaurko eguna Udalak debekatu egin du” eta “Kaleak herriarenak dira”. Menu begetarianoa prest eta “oso gozoa” egon zen 16:00etan, dozenaka gazteen gozamenerako, plazako beste puntan ertzainak eta udaltzainak tertulian aritzen zirela. Bi ordu beranduago material guztia batzeko unea heldu zen eta gaztetxera zuzendu ziren gazteak. Ordu horretarako, bertan zeuden jada Biok, Noizean Behin eta Ehiztari musika taldeak ekipoak prestatzen eta entseguak egiten. Musikariek egindako geldiune batean, bi bideo proiektatu zituzten, alde batetik herriko gazteei eta auzokideei egindako inkesta baten bideoa, tartean Guzman Aranaga Getxoko kultur zinegotzi jelkideak emandako erantzunak, eta beste aldetik, Itzubaltzeta proiektuaren bi urteak laburtzen dituen bideoa.

Horrezkero, 20:30ean, Biok, Noizean Behin eta Ehiztari musika taldeen elkartasun doinuek bete zuten gaztetxea. Bioken soinu ilunen eta zuzeneko indarraren ostean, Ehiztariren ahots melodikoak entzun ziren, kanpoan ertzainen eta udaltzainen presentzia gero eta ugaria bihurtzen zen bitartean. 23:15ean, 3 udaltzain bertaratu ziren gaztetxeko atari aurrean, zentro sozialean sartu gabe. Bi ziren eman zituzten mezuak: hurrengo egunean egun osoan zehar gertatutakoagatik Itzubaltzeta gaztetxea salatuko zutela eta kontzertua bertan behera utzi behar zela. Berriz, gaztetxeko kideek jakinarazi zieten kontzertua gaueko 12etan bukatuko zela, “auzokideekin horrela hitzartuta dugulako”. Horrezkero, udaltzainek alde egin zuten eta metal doinuen zaleek Noizean Behinekin gozatu ahal izan zuten. 24:00etan, puntu puntuan, bukatu zen kontzertua, baina jaia beste pare bat orduz luzatu zen, Erasmuseko ikasleek ekarritako Bulgariako ska taldeen diskoek eraginda. Gazteen elkarrizketetan brindisa errepikatzen zen: “Udalaren dekretua zapaldu dugulako”.

Gaiaren inguruko berriak:

Itzubaltzetako Autogestio Eguneko ekitaldi guztiak debekatu ditu Getxoko Udalak (2006 Eka 17)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun