Era berean, Plentziarako errepidearen trafikoari egindako kritikak abantailatzat aurkeztu dituzte udal mandatariek: “txosnen gunea Plentziara doan errepidetik ikusten da, eta horrek jende gehiago ekar dezake jaira. Izan ere, jaira ez zetorren jendeak, jai giroa ikusten badu, bertara hurbil daiteke”. Trokari buruz hitzik ez.
Kritikak gainera, “txosnak jartzen dituzten erakundeen sektore bati” egotzi dizkio Udalak eta “mehatxutzat” eta “bortxatzat” jo du kokapen hori ez onartzeko deia. Azkenean, deia egiten diete “txosna horien” ordezkariei “beraien jarrera azter dezaten eta horretarako prestatutako gunean jar ditzaten”.
Sopelako Udal Gobernuaren prentsa oharra:
Jaien programan irakurri ahal izan duzun bezala, aurten Jai Batzorde “jaio berria” aurkeztu da, Sopelanako talde guztiei “Sanpedroen” prestaketan eta antolakuntzan parte hartzeko aukera ematen dien topalekua. Batzordearen helburua beti izan da espazio ludikoa lortzea, udalerriko biztanle guztiek jaiez gozatzeko aukera izan dezaten.
Ez da zertan esan behar denbora horretan parte hartu dugun alde guztiek gogor lan egin dugula, aste honetan aurkeztu zaizun programa eratu ahal izateko.
Etxeko txikienetatik hasi eta nagusietara, denek aurkituko dituzte parte hartzeko eta gozatzeko jarduerak, eta horrela herriko jaien oroitzapen ona eramango dute.
Batzordearen bitartez, udalerriko elkarteek mota guztietako gaien inguruan duten iritzia jaso dugu, eta talde guztien eskariak betetzen dituzten jaiak antolatu ditugu.
Horrela, Kultura Sailetik garrantzi handia eman zaie txosnetan egiten diren jarduerei (ikus jaien programa), eta gastu guztiak, jaietara bideratutako udal aurrekontutik ordaindu dira. Esan behar da gure inguruko beste herri batzuetan hori ez dela horrela egiten.
Horrela, jaietako txosnen gaia landu dugu. Izan ere, herriko gizarte eta kultura alorretan lanean ari diren taldeentzako finantzaketa bidea diren arren, biztanleen artean eragozpenak ere sortzen dituzte, zikinkeria eta zarata dela eta. Herri administraziotik ahalik eta sentsibilitate guztiak gehien errespetatuko dituen konponbidea lortzen saiatu gara, eta, hori dela eta, azken urteetan, Elizako kalea jarduera hori burutzeko oso egokia ez dela jakin badakigun arren, aldeko eta aurkako puntu guztiak aztertu ditugu, eta gure eskuetan izan ditugun baliabide guztiak jarri ditugu eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen (garbiketa zerbitzua indartu egin da, segurtasun instalazioak jarri dira, ordutegiak eta kanpoko musika araupetzen dituen ordenantza egin dugu, eta abar).
2006ko urte honetan, gure ustez San Pedro jaietako txosnentzat oso egokia izan daitekeen orubea prestatu dugu, Loroño kaleko aparkalekua, hain zuzen ere.
Kokagune hori erdigunetik oso gertu dago (horrek jai gunearen sakabanaketa saihesten du), oso biztanle gutxiri sortzen dizkie eragozpenak, beste urte batzuetan erabilitako kokaguneekin alderatuz (zaratak eragindako kalteak murriztu egin dira, eszenatokia itsasora begira jarri baita), ur eta elektrizitate hartuneetarako erabat egokiturik dago (Udalak ematen die behar duten guztia txosnei, dohainik), eta eszenatokia, bainu bateria, etengabeko garbiketa eta abar ditu. Horrez gain, txosnen gunea Plentziara doan errepidetik ikusten da, eta horrek jende gehiago ekar dezake jaira. Izan ere, jaira ez zetorren jendeak, jai giroa ikusten badu, bertara hurbil daiteke.
Hala ere, gaur egun, txosnak jartzen dituzten erakundeen sektore batek baztertu egin du kokagune hori, eta eurak nahi duten lekuan jartzeko mehatxua egin dute, beharrezkoak diren baimenik edo laguntasunik gabe, eta, beharrezkoa balitz, kaleak itxiz, beharrezkoak diren segurtasun neurriak kontuan izan barik.
Horrek ondorio bat du, ez baitira Sopelanako jaiak izango kaltetu bakarrak, baita elkarteak beraiek eta Udala bera ere bai. Elkarte horien jarrerak bere horretan jarraitzen badu, beste leku batera eraman beharko dira Loroñon aurreikusita zeuden emanaldiak, eta horrek eragina izango du jaien nondik norako egokian.
Jai Batzordeko kide den Kultura Sailak ahaleginak egin ditu Batzorde horretan guztiek ere interes orokorra norberaren interesen eta errebindikazioen gainetik jartzeak duen garrantzia azpimarratzeko, eta adierazi du jaiak hiritarrek ondo pasa dezaten, eguneroko bizimoduak dituen arazoak pixka bat ahaztu ditzaten eta goza dezaten izaten direla, hori guztia elkarren arteko errespetuan eta jokaera zibikoan oinarrituta. Agente horien jarrera, elkarrizketaren aurkakoa eta inposizioaren aldekoa, ez dator bat batzordeko kide diren aipatutako elkarte sozio-kultural horiek bilatzen dituzten helburuekin, izan ere, euren jarduera herriko gazteen, gurasoen, haurren eta abarren aldekoa ei da.
Hori dela eta, txosnen kokagune berrirako proposamenaren aurkako oposizioa, inolako argudio sendo barik eta koakzio neurriak erabiliz, guztiok hilabete hauetan jaiak prestatzeko egin dugun lanaren esfortzua iluntzea baino ez da.
Sopelanako Udalak ez du inoiz txosnak jai gunetik “kanporatzeko” edo haiek “kaltetzeko” nahirik izan edo ahaleginik egin. Badakigu txosnak jaietako zati garrantzitsu direla, jende asko joaten dela bertan, eta gainerako hiritar guztiek bezala, txosnetara joaten direnek jaiak gehien atsegin duten lekuan igarotzeko eskubidea dutela.
Gure nahia txosna horien ordezkariek beraien jarrera azter dezaten eta horretarako prestatutako gunea jar ditzaten da, horrela guztiok ere ondo pasatzeko eta dibertitzeko gunea izan dezagun jai hauetan, eta guztiok esaten dugu, txosnetara joaten direnak, tabernaz taberna ibiltzea nahiago dutenak edo jaiaz egunez gozatu eta gauez atseden hartu nahi dutenak.
Sopelako Udala
Gaiaren inguruko berriak:
Txosnak babesteko udaletxean bertaratzera deitu dute Sopelako taldeek
La comisión de txosnas no acepta el "destierro" a Loroño (Gara, 2006 Eka 28)
Fiestas de San Pedro: no a las txoznas en Loroño (Sopelako Ezker Batua, 2006 Eka 25)