Udalari desobedientzia eginez udaletxe ondoan bi txosna jarri ditu Sopelako Txosna Batzordeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 29a, 12:36

Sopelako Udalarekin batera Jai Batzordea osatzen duten talde guztien artean erabakita, Loroño parking “arriskutsuaren” ordez udaletxearen ondoko landan jarri zituzten bi txosna ehunaka auzokidek babesten zituztela, “Ni ere, txosnen alde” pegatina paparrean jarrita. Udaltzain batek txosna enpresako ordezkariari debekua gogoratu eta enpresako kamioitik tresneria batzea oztopatzen saiatzen zuen bitartean, dozenaka auzokideek beraiek muntatu zituzten txosnak. Udalari “beti berak inposatutakoa ez dela egingo erakusteko eta herriaren hitza ere entzun behar duela berriro ere esateko” jarri dituzte txosnak Txosna Batzordeak iluntzean buruturiko prentsaurrekoan aitortu zuenez. Bestalde, aurtengo San Pedro jaietan ez da txupinazorik ezta pregoirik izan, inor ez zelako balkoira atera botatzera ezta irakurtzera eta asmoa zuen hainbat zinegotziri udaletxera sartzea debekatu zien alkateak. Dena den, arrautzek bete zuten udaletxeko fatxada, eta alkateak gustuko duen Txopel pertsonaiak burua galdu zuen, gazte koadrila batzuen eskutik. Ezer ezean gelditu zen txupinazoaren ostean, kalejira burutu zen batzokiaren aurrean txosnetako afera salatzeko. Ondoren, txosnak eraikitzen jarraitu zuten. Gaueko 11etan, oraindik elektrizitate generadorea martxan jartzen ari ziren eta alkateak udaltzainen bitartez komunikatu zien txosnak kendu behar zituztela edo “ondorioak”, zehaztu ez zituztenak, pairatuko zituztela. Gaurko, 10:30etik aurrera ospatzen diren ekitaldi ofizialetan egoteko eta 12:00etan txosnetan elkarretaratzeko deia egin du Txosna batzordeak.

Sopela Auzo Elkartea, Munarri, Peñatxuri Surf Elkartea, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanblada (SUGA), Taloburni eta Ugeraga Saskibaloia taldeek osatzen duten Txosna Batzordearen izenean Peñatxuriko Eneko Fernandezek eta Auzo Elkarteko Pedro Rojok eskaini zuten atzo prentsaurrekoa eta hordagoa bota zioten Imanol Garai alkateari: “Txosnak herrian, ez goaz Loroñora”. Baina ez zen izan arratsaldeko hordago bakarra. TAO ez kamisetak ere ikus zitezkeen eta propio Rikardo Ibarraren dimisioa eskatzen zutenen bonboa eta lapikokada. Ume koadrilek ere, Suge Gorri kasu, oihukatzen zuten “gu ere, txosnen alde”. Baina hordago nagusia udaltzainen buruaz paso egin eta txosnak muntatu zuten auzokideena izan zen.

“kontakatiluarena"

Prentsaurrekoa egin eta ordu batzuetara udaltzainak bueltatu ziren txosnak kentzeko hitzezko aginduarekin. Jai Batzordeko kideek 21:50ean alkatearekin bilera bat izatea eskatu zieten, udaltzainek “kontakatiluarena egitea” ez baitzuten ikusten. Ordu erdi beranduago, erantzuna bazetorren: txosnak kentzeko agindua berriro. Jai Batzordeko kideek alkateari arazo politikoa dela, ardura alkatearena dela eta ez udaltzainena eta dituen jai batzordekide telefono guztien artean gustukoena aukera dezan helarazteko eskatu zieten udaltzainei. Bestalde, txosna enpresako arduraduna kexu zen txosna kentzeko aginduen prozedurak juridikoki defentsa gabe uzten zuelakoan: “ez didate esaten txosna kendu ezean zer gertatuko den: haiek kenduko duten, beste batzuek egingo duten, eramango duten, isuna jarriko duten edo atxilotuko nauten”. Dena den, nahiz eta kendu nahi ezinezkoa zitzaiola agindu zuen arduradunak: “langileek dagoeneko bere orduak egin dituzte eta etxera joan dira”. Teknikoki hurrengo egunera arte ezin izango zela txosna kendu iragarri zuen.

Sei puntu

Jai Batzordeko kideek gogoratu dutenez, sei puntutan konpromisoa eskatu zioten Udalari Jai Batzordea guztion artean egitea erabaki zutenean Udalak ordutegia, soinua eta bestelako kontuetan jarritako hainbat baldintza onartzearen truke. Puntuak honako hauek izan ziren:

- Jai liburuxkan, alkatearen agurraren ondoan Jai Batzordearen aurkezpena jartzea. Udalak bete egin du puntu hau.

- Txosnen kokapena herrian izatea. Udalak puntu hau ez onartzeak apurtu ditu Jai batzordeko bi alderdien arteko harremanak.

- Auzokide guztientzako herri bazkaria egitea, Udalak aurreikusita zeukan koadrilentzako picnic-en ordez.

- Txosnagunean sardina jana eta umeen pinatak antolatu ahal izatea. Sardina jana finantzatzeko 5 euroko bonoak atera ziren eta Txosna Batzordeko taldeek hainbat eta hainbat saldu dituzte. Oraingo egoeran, jendeari dirua bueltatzea deliberatu dute, izan ere, saiatuko dira antolatzen, baina ekimen propio bezala eta ez Jai batzordearen barruan.

- Pregoilaria guztien artean erabakitzea. Elkarteek SUGA aukeratu zuten, baina Udalak ez zuen erantzun. Geroago, karteletan beste bat agertu zen, baina Udaletik jakinarazi zuten hori txantxa bat zela. Harremanak apurtu zirenean, berriz, Udalak pregoia irakurtzea Jai Batzordeak berak egin ahal izango zuela erabaki zuen, beti ere Udalari aurretik idazkia ematen bazitzaion. Elkarteek ez zuten begi onez ikusi kontua, baina onartu zuten azken unera arte “pregoi herrikoia aurrera ateratzen saiatzeko”. Baina, Udalak ez zuen onartu Jai Batzordearen idazkia “gogorregia zelakoan”.

- Azken puntua, eskualdeko musika taldeekin begirunea izatea eta ordaintzea zen. Horretarako 300 euro bakoitzeko hitzartu ziren. Jai batzordea zatitu ondoren, Jai Batzordeko kideek jakinarazitakoaren arabera, Udalak Bio Terror, No Drama eta All Jazz Era taldeei ez jotzeko esan omen die eta, berriz, Nun taldeak berak esan du ez duela joko beste taldeekin elkartasunez. Txosnagunean gaur egin behar zen Habeas Corpusen kontzertua udaletxe plazan burutuko da eta bertan ospatu behar zen erromeria kioskora igaro da.

Gaiaren inguruko berriak:

Sopelako txosnetarako “egokia” eta “gertua” da Loroñoko parkinga Udalaren ustez (2006 Eka 28)

Txosnak babesteko udaletxean bertaratzera deitu dute Sopelako taldeek (2006 Eka 28)

La comisión de txosnas no acepta el "destierro" a Loroño (Gara, 2006 Eka 28)

Fiestas de San Pedro: no a las txoznas en Loroño (Sopelako Ezker Batua, 2006 Eka 25)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun