Mila tirabira egon ziren eta Udalak aurkezten zizkigun jaien aurrean, berriro Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak bere kabuz egindako jaiak burutzeko asmoa piztu zen. Horren aurrean Udalak lehenago entzun nahi ez zituen eskakizun batzuk aztertzeko prest agertu zen. Horietatik, garrantzitsuena txosnen kokalekua zen. Izan ere, gure ustean txosnak herriaren erdigunean egon behar dira, denon eta denontzako izango den jaigune bakar eta zabal bat lortuz. Udalaren iritzia, ordea, desberdina da, eta herriaren kanpoaldean dagoen gune bat egokitu du txosnetarako. Gure ustean, toki hori herri gunetik urrun egoteaz gain, errepide arriskutsua du alboan non ibilgailuak, batez ere gaualdean, ziztu bizian pasatzen diren hondartzako tabernetarantz, Mungiarantz, eta abar; beste alde batetik kontaminazioaren kontua dago, ez baitago inongo hustubiderik, eta gainera ibaia eta ortuak daude alboan (azken hauek, ilegalak direnaren aitzakian, Udalak argudio bezala baliogabetu digun arren); gainera, zoruaren garbiketa zaila da, hartxintxarrez egina baita eta garbitzerakoan altxatu eta hautsa besterik ez da ateratzen, horrekin batera lubeta irristakor ugari daude, ipinitako egurrezko hesi horiek arriskurik kentzen ez dietenak; guzti hori gutxi bada ere, leku horrek ez dauka farolarik, iluntzean txosnen argi eskasa nahiko izango ez zelarik eta ondoan dagoen sastrakadi horretan eraso sexualak erraz gertatu ahal izango zitezkeelarik.
Gu tinko mantendu gara gurean eta horra ez goazela argi eta garbi esan dugu. Horregatik, hainbat barne eztabaida eta gero hemen gaude, Udalari beti berak inposatutakoa ez dela egingo erakusteko eta herriaren hitza ere entzun behar duela berriro ere esateko; eta aurten ez bada ere, etorkizunean gure helburua lortzeko.
Gora Sopela eta gora San Pedroko jaiak!
Sopelako Txosna Batzordea
Gaiaren inguruko berriak:
Udalari desobedientzia eginez udaletxe ondoan bi txosna jarri ditu Sopelako Txosna Batzordeak
Sopelako txosnetarako “egokia” eta “gertua” da Loroñoko parkinga Udalaren ustez (2006 Eka 28)
Txosnak babesteko udaletxean bertaratzera deitu dute Sopelako taldeek (2006 Eka 28)
La comisión de txosnas no acepta el "destierro" a Loroño (Gara, 2006 Eka 28)
Fiestas de San Pedro: no a las txoznas en Loroño (Sopelako Ezker Batua, 2006 Eka 25)