Imanol Garai: “jaietan aldarrikapenak ez du lekurik”

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 29a, 21:20

Imanol Garai Sopelako alkateak, lasaitasunez baina dozena erdi bat udaltzainek zainduta, parte hartu du goizean zehar eliza eta udaletxe artean burutu diren jaietako jarduera ofizial guztietan. Udal mandataria pozik agertu da jaietan egiten ari den eguraldiarekin eta atzoko ekitaldietan parte hartu zuen jende kopuruarekin. Aldiz, ez du hitz onak izan txosna desobedientzialarientzat. Bere aburuz, “jaietan aldarrikapenak ez du lekurik, jai-giroa baino ez da egon behar. Gauzak aldarrikatzeko jaiak ezik urte osoa dago eta Gobernu Taldeari zuzenean helarazten bazaigu, askoz hobeto”. Dena den, argi utzi du jaiak apurtzearen aldeko apustua ez duela egingo: “ez gaude neurriak hartzearen alde, ondo pasatzearen alde gaude”. Argazkian, Imanol Garai alkatea, atzean txosna ilegal bat duela.

Eliza aurrean egindako ohorezko aurreskua jaso ostean, eguerdian, egindako adierazpenetan Imanol Garaik kexu agertu da “talde batzuek” hartutako jarrerarekin. Bere ikuspuntutik, azken sei hilabeteotan kolektibo asko eta askotarikoen arteko jai egitaraua prestatu da, baina beste gauza askotan ez bezala txosnen aferan “ez da kontsensua egon. Loroño egokitu zitzaien baina talde batzuei ez zaie gustatu”. Era berean, defendatu du Plentziarako errepidearen ondoko parkingaren hautua: “herrigunetik minutu batera dago, segurtasun neurriak hartu dira eta gainera haiek beraiek uste dute elizako zonaldea ez dela egokia”.

”Gezurretan ari da”

Bestalde, Txosna Batzordeko kideek gezurtatu dute Garaik egindako deklarazioak: “gauza batzuetan gezurretan ari da. Elizako gunearekin hasi zen esaten apaiza kexatu zela eta bertan ezin zirela txosnak jarri. Galdetu genion apaizari eta horrelakorik ez zuela esan erantzun zigun. Geroago, eliza inguruko auzokideei tregua eman behar zitzaiela esan zigun, baina haiek ez dute kexarik jarri eta gainera gutxi dira errotonda ondoan bizi direnak. Eta beti defendatu dute errepidea ezin zela moztu, baina gauez baino ez zen moztuko, gainera bide alternatiboak daude eta urteko beste egunetan, bizikleta eguna kasu, ixten dute. Azkenean orain dela 3 urte txosnek egindako deklarazioak hartu ditu eta manipulatu. Garai horretan 3 txosna zeuden eta posible zen herrian bertan beste kokagune batzuk aurkitzea, baina aurten 8 daude eta eliza kenduta ez dago lekurik”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun