Presoen aldeko gaurko kontzentrazioetan "ezin da hutsik egin" AAMren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 30a, 12:44

Hilero bezala, azken ostiralerako, ekainak 30, hainbat kontzentrazio deitu du Etxeratek Euskal Herri osoan. Hilabete honetako leloa "Estatus politikoa orain. Euskal presoak Euskal Herrira!". Uribe Kostan honakoak izango dira hitzorduak: Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Areetan, Xake plazan; Algortan, Telletxen; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean; Urdulizen, BBVAren aurrean; eta Armintzan, bus geltokiaren aurrean. Kontzentrazio guztiak 20:00etan izango dira, Armintzakoa izan ezik, 19:30ean burutuko baita. Leioako Kurkudi eta Algortako Amnistia tabernetan taloak egongo dira kontzentrazioen ostean. Argazkian, kontzentrazioa Sopelako udaletxe parean.

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez adierazitakoaren arabera, "ez dago aitzakiarik, ezin da hutsik egin. Egoera politiko honetan ezinbestekoa da azken ostiraleko mobilizazioan parte hartzea. Presoen eskubideak eta izaera politikoa onartu gabe ez da gatazka gainditzeko prozesurik izango. Gure esku dago!".

Bestalde, ELA, Segi, ANV eta Batasunak azken ostiraleko elkarretaratzeekin bat egiteko deitu dute. Hona hemen Itzubaltzeta / Erromoko Segik kaleratutako oharra:

Segi gazte erakundeak euskal gazteriari, eta oro har euskal gizarteari, deia egin nahi dio datorren ostirala hilabeteko Azken Ostirala izaki, euskal preso politikoen estatus politikoaren aitortzaren alde, beren eskubideen defentsan eta dispertsio politikaren aurkako mobilizazioetan parte hartzera.

Euskal preso poltikoen kolektiboa Estatuen jo puntu nagusian egoten jarraitzen duten honetan, euren aurkako mekanismo guztiak baretu beharrean indarrean jarraitu eta areagotzen dituzten honetan, Euskal Herria kalera ateratzea berebizikoa da. Ezinbestekoa, herri presioak eraikiko baitu euskal preso politikoen aitortza eta beren eskubideen jabetza ekarriko duen orube demokratikoa. Ezinbestekoa delako euren parte hartzea, ezinbestekoa delako Euskal Herrian eta aske egotea.

Beraz, Itzubaltzetako deialdia, beti bezala, ostiral honetan izango da:

Ostirala 30, 20:00etan, Xake plazan.

Gaiaren inguruko berriak:

ELA, Segi y ANV llaman a secundar el último viernes (Gara, 2006 Eka 29)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun