Bihar hasiko da metroaren udako ordutegia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko eka. 30a, 14:18

Uda heldu bezain laster Metro Bilbaok ordutegiak aldatzen ditu, "eskaerara egokitzearren", eta larunbat honetan jarriko du martxan udako zerbitzua, irailaren 17ra bitartean indarrean egongo diren ordutegiekin. Epe honetan bi ordutegi-koadro desberdin izango dira, bat abuztuan –Aste Nagusian ezik–, eta bestea uztailean eta irailean, garrai konpainiako iturriek iragarri dutenez. Gaur amaituko den neguko zerbitzuan ez bezala, larunbatetan ez ezik, ostiraletan eta jai bezperetan ere gaueko tren zerbitzu etengabea eskainiko du udako ordutegi berriak. Gau horietan guztietan trenak 15 minutuko maiztasunez ibiliko dira Etxebarri-San Inazio tartean, bi norabideetan, eta ordu erditik ordu erdira itsasadarraren bi aldeetan. Aurreko urteetan bezala, Metro Bilbaok zerbitzu bereziak eskainiko ditu Algortako jaietan eta Bilboko Aste Nagusian. Argazkian, metroa jendez lepo Bilboko jaietan / deadsunrise

Uztailean eta irailean, egunez, bezeroek trenak 6 eta 12 minutuko maiztasun tartekatuetan izango dituzte Bidezabal eta Sestaoraino, 7:00etatik 15:30etara bitartean, gutxi gorabehera, eta hiru minututik hiru minutura tarte erkidean. Arratsaldez, eta batez ere jende asko lanaldi jarraituan hasten delako, eta eskolak amaitzen direlako, itsasadarraren bi aldeetako maiztasunak hamar minutukoak izango dira eta tarte erkidean (Etxebarri-San Inazio), berriz, bost minutukoak.

Abuztua

Abuztuan maiztasuna hamar minutukoa izango da egun osoan zehar Bidezabal eta Sestaoraino, "oporraldietako hilabeterik ohikoenean bezeroen kopurua %45 inguru murrizten baita", azaldu dutenez. Aurreko urteetan bezala, Metro Bilbaok zerbitzu bereziak eskainiko ditu Algortako jaietan eta Bilboko Aste Nagusian.

"Ordutegi berriak uda heltzeak eragiten dituen ohitura aldaketen ondorio dira. Hondartzetako denboraldia hasten da, eskolak amaitzen dira, lanaldi jarraituak hasten dira, astialdi jarduerak eta herrietako jaiak ugaltzen dira", adierazi dute metroko arduradunek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun